OAS sindikatuaren lehen egoitza inauguratuko dute arratsaldean Beasainen
Oinarrizko Aukera Sindikala sindikatuak Beasainen inauguratuko du arratsaldean lehen egoitza. Orain bost urte CCOO sindikatuan egondako banaketatik sortutako sindikatua da OAS eta, momentuz, Gipuzkoako eraikuntza alorrean ari da lortzen lehen emaitzak....
Oinarrizko Aukera Sindikala sindikatuak Beasainen inauguratuko du arratsaldean lehen egoitza. Orain bost urte CCOO sindikatuan egondako banaketatik sortutako sindikatua da OAS eta, momentuz, Gipuzkoako eraikuntza alorrean ari da lortzen lehen emaitzak. Hala jakinarazi du Jorge Fernandez sindikatuko kideak: “CCOOen eraikuntza saila ez zen hainbat puntutan bat etortzen zuendaritzarekin eta arazoa beste hainbat sailetara ere zabaldu zen. Egoera ikusita gestora bat sortzea erabaki genuen, sindikatuaren barruan ez genuelako behar genuen babesa jasotzen”.
Puntu honetara iritsita modu antolatuan lan egiten jarraitzea erabaki zuten eta eraikuntza alorreko hainbat enpresetan gehiengo ordezkaritza lortu du, Donostialdeko DC Construcciones eta Murias enpresetan, adibidez. Gaur egoitza inauguratuta “modu serioagoan” jarraitu nahi dute lanean.
www.obreros.net eta www.obreras.net webgunetan azaltzen dutenaren arabera, OAS gehiengo sindikalarekin ados ez dauden langile guztiak batzeko sortu da. Langileen interesen eta eskubideen alde lan egiteko prest agertu dira sindikatuko kideak, sindikalismoa “beste modu batera” egin daitekeela sinetsiz, “lantegietako eta lanpostuetako oinarrietatik abiatuz”.
Beasaingo oinarri industriala
Sindikatuko kideen ustez, hobe da egoitza Beasain bezalako herri industrial batean jartzea, “eta ez hiri handietako erdigunean”, langileetatik gertu egon nahi baitute. Eskualdeari buruz duten ezagutza “sakona” aprobetxatu nahi izan dute eta bi arrazoi horiengatik aukeratu dute Beasain euren lanari ekiteko abiapuntu bezala.