Geltoki Intermodala martxoaren 11n inauguratuko dute
Mikel Serrano Zumarragako alkateak gaur jakinarazi duenez, «Geltoki intermodala eta inguruetan egiten ari ditugun lan guztiak datorren martxoaren 11n inauguratuko ditugu».
Geltoki intermodaleko inaugurazio ekitaldian parte hartuko duten ordezkari politikoen izenak galdetuta, alkateak Geltokia eraikitzeko diru-laguntzak eman dituzten erakundeen zerrenda egin du, tartean: «Espainiako gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Udala». Geltoki Intermodalaren azpian dagoen aparkalekuan 128 aparkaleku publiko egin dituzte eta 90 aparkaleku itxi. Guztira 4,8 milioi euroko aurrekontua izan du proiektu honek.
Sekundino Esnaola kaleko espaloietako bat berritu dute jada, Geltokietako plazan egindako lanei lotuta. Espaloia berritzeaz gain, bidegorriaren behin behineko ibilbidea egin dute espaloiarekin batuz. Plazan zoru berria ipini dute eta irisgarritasuna hobetu dute arkupearen eta plazako zoruaren artean, plazako zati batzuetan zegoen eskailera kenduz.
Aurki, Sekundio Esnaola kaleko beste espaloia berrituko dute eta zabaldu, errepidean bi errailetako tokia utziko dutelarik, «norabide bakarrean» gehitu du alkateak.
Urolako trenbide ohiaren geltokiaren aurrean dagoen aparkalekurako sarrera amaitu gabe dago. Igotako zebra-bide baten bitartez lotuko dute bidegorria eta bertatik sartu beharko dira ibilgailuak aparkalekura.