Mikel Serrano aurkeztuko dute bihar Zumarragako alkatetzarako PSE-EEko hautagai gisa
Bihar, 12:00etan Zumarragako PSE-EE alderdiaren egoitzan egingo duten ekitaldian Mikel Serrano aurkeztuko dute alkatetzarako hautagai gisa. Ekitaldian Migel Buenek parte hartuko du. Buen alderdi sozialistako Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusirako hautagaia da.
Serranok ez du orain artean alkatetzara aurkeztuko zenik baieztatu. Legealdia hasita hartu zuen alkatetza aurreko PSE-EEko alkatea Antton Arbulu Espainiako Trenbideen Enpresa Publikora lanera joan zenean, 2008. urteko uztailean.
Mikel Serrano urretxuarra da, 1972. urtean jaioa eta politikaren arloan bere lehenengo urratsak Urretxuko udalbatzako kide gisa eman zituen. Ondoren, Zumarragako zerrendatan aurkeztu zen eta Arbulurekin alkateorde lanak bete zituen alkatetza bere kargu hartu zuen arte.
Maiatzaren 22ko hauteskundeetan alkatetza lortzeko lehian sartuko da Serrano lehenengoz. Lehia horretan Iñigo Peñagarikano jeltzalea izango du aurrez aurre. Beste alderdiek ez dituzte beren hautagaiak iragarri.