Toki-Alai, frontoitik plato izatera
Beste konturik ez zen Zaldibian larunbat eguerdi partean. Toki-Alai pilotalekua, plazako frontoia izenez ezagunagoa herrian, hainbat auto eta furgonetaren aparkaleku bihurtzen hasi zen 10:00ak aldera, eta pare bat orduren bueltan dena hartua zuten hara eta hona zebiltzan kanpotarrek. “Hi, zer zegok/n ba frontoian?”. Horixe zen plazara inguratzen zen herritarren aurreneko galdera. Ordurako, bazen plazan goiztiar zebilen herritarrik, eta horietako batek egin zituen bozeramaile lanak: “Sabino Aranari buruzko pelikula bat grabatu behar dute!”.
Udaletxeko iragarki taulan jarritako jakinarazpen batek zehazten zuen informazioa. Donostiako Zurriola Movies ekoiztetxea Sabino Arana EAJren sortzaileari buruzko filma bat grabatzekoa zela, Sabin izenburukoa, eta arratsaldeko lehen ordura arte plaza inguru hori aktoreek eta haien laguntzaileek hartua izango zela.
‘Sabin’, telebistarako filma
Toki-Alai frontoia, nonbait, aspaldi zuten begiz jota ekoiztetxekoek grabazioa egiteko, eta dekorazioan egindako txukunketa batzuk tarteko, 13:30ak aldera hasi zuten grabazioa. Grabatzen lehenak Sabino Aranaren garaiko eskolaume arropekin jantzitako zortzi mutiko izan ziren. Garai hartan eskoletan abesten zen gaztelerazko kantu bat abestu behar izan zuten, momentuan ikasia gainera. Hurrengo eszena Asier Hormaza eta Aitor Beltran aktoreek grabatu zuten. Pilota partida bat irudikatu zuten, haien antzera jantzita zeuden beste bi gazterekin batera. Grabazioa 16:00ak aldera bukatu zen.
Angel Amigo da Sabin filmaren produktorea, Patxi Barco zuzendaria eta gidoia Karlos Zabalak egina da. Sabino Aranaren papera Iban Garate aktoreak egingo du, haren arreba Paulinaren azalean Itziar Ituño ariko da, eta anaia Luisenean Asier Hormaza. ETBrako egiten ari dira filma, eta 720.000 euroko aurrekontua du. Sabino Arana Goiriren biografia azalduko duen lehen lana da.














