Hurtado aurreko ikastaroan, Kabiako sukaldean
Zumarragako Udalak antolatzen dituen ikastaroetarako izen-ematea itxi dutenean, azpimarragarriena Juan Manuel Hurtadok eskainiko duen sukaldaritza ikastarorako izena eman dutenen kopurua da: 113 lagun, 10 tokitarako. Hurtadok sorpresaz hartu du berria, “guretzat garrantzitsua da horrelako jakin-mina piztea, eskertzekoa ere bada izandako harrera”.
Ostiralean, hilak 29, ikastaroan tokia izango dutenen 10 lagunak zozketa bidez aukeratuko dituzte. Zelai Arizti Kultur Etxeak antolatzen dituen beste ikastaroei dagokienez, Maider Uli zumarragarrak eskainiko duen larru ikastaroa egingo dute, Kultur Etxeko izen-emateen arduradunaren arabera, “jende gazteak eman du tailer honetarako izena, jende berri askok”. Makillaje taldea ere sortu da, eta sendabelarren tailerra ere egingo dute. Zeramika ikastaroari dagokionez, helduen talde bat eta haurren bi talde osatuko dituzte. Azken honetarako, haurren bi talde egingo dituztenez, ordutegi bi izango dira, eta haur bakoitzari dagokion ordutegia zozketa bidez zehaztuko dute, hilaren 30ean egingo duten zozketan.
Bertan behera geratu diren ikastaroak medikuntza alternatiboarena eta Erdi Aroko kaligrafiarena dira, talderik ez delako sortu. Ikastaro guztiak urrian hasiko dira. Sukaldaritza tailerra Kabia jatetxeko sukaldean izango da, eta beste guztiak Zelai Arizti Kultur Etxean.