Markel Lopez haurraren aldeko dantza jaialdia egingo dute Zumarragan
Hilaren 16an Markel Lopez haurraren aldeko dantzaldia egingo dute Zelai Arizti aretoan, Zumarragan. Lopezek epidermolisi builosa gaixotasuna du, Tximeleta Azalaz ezaguna dena. Udalaren laguntzaz, Aguibaile, Gipuzkoako dantza taldeak antolatu du jaialdia. Gaur, aurkezpena egin dute Zelai Arizti Kultur Etxean.
Jaialdiaren sarrerekin biltzen duten dirua Lopezen gaixotasunak sortzen dituen gastuei aurre egiteko erabiliko du familiak. Izan ere, Bartzelonan eta Madrilen tratatzen dute umea. Orain, laguntzeko zakurra ere badu Lopezek, Antxoa izenekoa, eta berarekin egon da jaialdiaren aurkezpenean.
Jose Mari Orbegozo, Zumarragako dantza taldearen irakasleak zehaztu ditu jaialdiaren nondik-norakoak, “Gipuzkoako zazpi eskoletako kideek parte hartuko dute, 120 dantzari igoko dira oholtzara, eta musikal ezberdinak eramango dituzte taulara”.
Sarrerak 10 eurotan salduko dituzte bihar, Zelai Arizti aretoaren leihatilan (19:30-20:00 eta 22:30-23:00) eta hilaren 16an bertan, 17:00etatik 18:00etara. “Jaialdira joan ezin direnek, 0 Ilarako sarrerak erosteko aukera izango dute”, argitu du Mikel Serrano alkateak. Diru-ekarpenak ondoko kontu korrontean egin daitezke: 3035 0132 5713 2103 9986.
Amaitzeko, Markel Lopezek eskerrak eman dizkie zumarragarrei eta urretxuarrei aldez aurretik.