Markel Lopezen alde 2.500 euro bildu zituzten atzo, dantza jaialdian
•[BIHAR, GOIERRIKO HITZAN, MARKEL LOPEZEN EGOERAREN INGURUKO ERREPORTAJEA, AMAK GAUR MADRILETIK EGINDAKO ADIERAZPENEKIN]
Atzo izan zen Markel Lopez haurraren aldeko dantza jaialdia. Aguibaile Gipuzkoako dantza elkarteak antolatu zuen, Zumarragako Udalaren babesarekin. 12 musikal lana eskaini zuten, oholtzara 120 dantzari igo zirelarik. Aretoa bete zen, eta sarrerekin 2.500 euro bildu zituzten. Jaialdia amaitzean, ekitaldi xume batean, senitartekoei dirua eman zieten.
Diru kopuru horretan ez dago zenbatuta 0 ilarako sarreren bitartez bildu duten dirua. Litekeena da, beraz, kopurua handiagoa izatea. Hori guztia eta gehiago behar du Markel Lopezek Tximeletaren Azalaren izenarekin ezagutzen den gaixotasunari aurre egiteko, epidermolisi builosoa. 11 urte bete zituen haurrak abuztuan, eta gaixotasun honekin jaio zen. Gaixotasunari aurre egiteko haurrak eta familiak beharrezkoa duten indarraz gain, baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dira.
Eskuetan galdu duen azala berregiteko urtarrilean ebakuntza egingo diote. Ebakuntza prestatzeko, aurretik umea Madrilera eta Valentziara eraman beharko dute. Ebakuntza Bartzelonan izango da, eta egin baino lehen, ospitalera lau bisita egin beharko ditu bere gorputzaren atal guztiak prest daudela ziurtatzeko.