Tasen %3ko igoera onartu du Urretxuko Udalak
Atzo iluntzean Osoko Bilkura ospatu zuten Urretxun. 2012. urteko udal tasen igoera landu zuten bertan. Oro har, Urretxuko Udalak %3ko igoera aplikatu die tasei, KPIak finkatu duena, alegia. Igoera desberdina da bestelako puntu batzuetan.
Zaborrei dagokienez, igoera %10ekoa izan da, sasieta mankomunitateak hala proposatuta. turismoei eta motozikloei dagokienean, tasaren igoera %2aren eta %5aren artean izango dute: potentziaren, kontsumoaren eta kutsaduraren arabera igoera handiagoa edo txikiagoa izango da. Kontsumoa eta kutsadura gutxitzea sarituko da, halaber.
Etxeetako ur kontagailuei dagokienean, %200a izan da igoera. Aquagest-en proposamenez, Urretxuko Udalak telekontagailuak ezartzearen aldeko apustua egin du. Ur horniketaren errendimendua txikiagoa den lekuetan hasiko dira telekontagailuak ezartzen, eta 3 edo 4 urteko epean herriko eraikin guztietan jarriko dute.
Azkenik, kirol zerbitzuen kasuan, Udalak iazko ildotik jarraituko du. Kirol txartel edo abonu bakarra lehenetsiko du, prezioak mantenduz.












