Mimoak partekatu egin behar
Ardi batek arkume bat edo bi izatea da ohikoena. Hirukoak ere sarritan ikusten dira, baina hortik gora jada ez da gauza normala. Idiazabalen eta Legorretan duela zenbait aste gertatutakoak harrituta utzi ditu jabeak eta ingurukoak, baserri batean ardi batek sei arkume izan baitzituen eta bestean bost.
Idiazabalgo Aizkoetabarrena baserrian sei arkume izan zituen ardi batek azaroaren 5ean. Iluntzean, 19:30ak aldera hasi zen ardia arkumeak edukitzen. Josu Etxezarreta artzain gazteak kontatu duenez, jaio zen lehendabiziko arkumea txiki-txikia zen. Hura irten zenean konturatu zen bigarren bat ere bazetorrela. Handik gutxira hirugarrena jaio zen, eta laugarrena ere kendu zion erabat txundituta. «Bosgarrena irten zenean konturatu nintzen beste arkume bat ere bazuela. Eskua sartu nion barrura, baina ez nuen aurkitu». Ardia lekuz aldatzen ari zela, bidean eduki zuen seigarrena.
Etxean pozez gainezka baina zeharo harrituta hartu zuten albistea. «Hiru arkume jaio izan dira behin baino gehiagotan, baina horrelakorik ez dugu ikusi hemen orain arte. Egia da intseminazio artifiziala erabilita arkume bat baino gehiago jaiotzeko aukerak badaudela, baina sei batera!», dio Josu Etxezarretak. Baserrikoek argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten berri ona, eta hantxe dute bat markoan sartuta sukaldeko mahaiaren gainean. Irudi berezia da, beraientzat, eta goxotasunez begiratzen diote.
Ardia bera sendo zegoen arkumeak jaio eta gero. Bost ahari eta urruza bat eduki zituen, eta berehala onartu zituen guztiak. Lehenengo bi egunetan seiak berarekin egon ziren. Amaren errapetik edaten zuten esnea, eta ez zuten jabeek biberoirik eman beharrik izan. Dena den, seiak berak haztea zaila izango zela eta, bi egunera arkume bat kendu eta beste ardi bati erantsi zioten. Ardi hari hil zitzaion arkumearen narrua jarri zioten gainean, eta segituan onartu zuen ama berriak.
Handik aste batera beste arkume bat kendu eta beste ardi bati erantsi zioten, eta gauza bera egin zuten handik hamabost egunera hirugarren animaliarekin ere. Beste hirurak amarekin daude une honetan, eta kendu artean halaxe egongo dira, gainera. Etxezarretak azaldu duenez, normalean hogei bat egunera kentzen zaio arkumea ardiari, baina horiek denbora gehixeago beharko dute, txikiak dira eta. «Arkume hauek partekatu egin behar dute amaren esnea. Sarritan bi esnea edaten aritzen dira, eta bestea begira egoten da. Modu horretan pixka bat gehixeago kostatuko zaie haztea, baina haziko dira hauek ere, bizi-biziak dira eta», dio irribarrez Etxezarretak.
Bost arkume, Legorretan
Legorretako Olalde baserrian berriz, bost arkume izan zituen ardi batek duela zenbait aste. Amak
denak onartu zituen, baina aurrera ateratzeko beste ardi batzuei eranstea erabaki zuten. Paulo Urrizelki Olalde baserrian lanean ari den pilotariak esan duenez, amarekin bi arkume utzi zituzten, eta gainerako hirurak beste ardi batzuei erantsi zizkioten.
Gau luzea izan zen, beste arkume batzuk jaio zain egon baitziren. «Ardi batek arkumea eduki bezain pronto beste ardiaren arkumea eransten genion, eta onartu zezan ahalegina egiten genuen. Hiru aldiz egin genuen gauza bera, eta bost arkumetatik hiruri beste ama bat aurkitu genion». Urrizelkiren hitzetan merezi izan zuen egindako esfortzuak.
Egun, duela zenbait aste jaiotako arkumeek 10-11 kilo inguru dituzte, eta pozik dira jabeak eta zaintzaileak