Hotzari aurre eginez, santa eskean aterako dira gaur hainbat herritan
“Baina eztarriz sano gabiltza, ta kantatzen degu gogoz” dio santa eskean kantatu ohi den kopla ezagunak. Gaurko giroari aurre egin eta kantuan atera direnek behintzat, eztarria ondo berotu beharko dute. Zero azpiko tenperaturekin esnatu da eguna Goierriko toki askotan; hala ere, hainbat taldek urteroko ohiturari eutsi eta eskean ateratzea erabaki dute. Hori da Lazkaoko Antsoategi elkartekoen kasua. Urtero elkartu ohi dira, goizetik, herriko auzo eta baserrietara kantuan joateko. Traktorea lagun dutela, gaur ere hasi dute urteroko erronda.
Beste hainbat herritan ere eutsi diote deialdiari. Ataunen, Beasainen, Seguran, Mutiloan, Ordizian, Urretxu-Zumarragan, Legazpin eta Zaldibian ere aterako dira, besteak beste. Hala ere, izan dira gaurko deialdia bertan behera utzi dutenak ere, denboralea dela medio. Legorretan eta Itsasondon, adibidez, eskean ez ateratzea erabaki dute. Beste horrenbeste egin dute, hainbat herritan umeekin ateratzekoak ziren taldeek ere.
Kalean, baserriz baserri edo etxeko babesean, baina elurrak eta hotzak markatuta ospatuko dute aurten Santa Ageda bezpera goierritar gehienek.