Jubilatuen etxe 30 urtez
Beasaingo erretiratuen etxeak 30 urte bete ditu, eta atzo, urtemuga hori ospatzeko eguna izan zuten. Ehunka lagun elkartu ziren egun osorako antolatu zituzten ekitaldietan. Besteak beste, meza, hamaiketakoa, elkarteko lehiaketen sari banaketa eta dantzarien saioa izan zituzten. Aranealde zentroa –hala deitzen da gaur egun– 1982an inauguratu zuten, ordura arte mediku etxe izan zen eraikinean. Lanak, garai hartako 20 milioi pezeta kosta ziren, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Beasaingo Udalaren artean ordaindu zituzten. Ekitaldian, Juanito Lasa alkateak, Javier Agirre osasun sailburuak, eta Segundo Dorronsoro apaizak parte hartu zuten, besteak beste. Iaztik, Juanjo Iturriotz da Aranealde elkarteko presidentea. Egoitza sortu zenean, halako azpiegitura baten beharra bazela uste du. «Hasieratik ezagutu dut hau, eta jende asko dago honen beharra duena. Askok oso pentsio txikia dute, eta neguan hemen egoten dira, bestela etxean gastu handia dagoelako». Baina elkartera etortzeko arrazoi bakarra ez da ekonomikoa; askorentzat elkartzeko, lagunekin egoteko eta denbora pasarako gunea ere bada. Izan ere, ohiko karta jokoez gain, beste hainbat aktibitate egiten dituzte, hala nola tailerrak, abesbatza, hitzaldiak eta irteerak. Egun 1.500 bazkide ditu elkarteak, eta Iturriotzek azaldu duenez, bazkideen bataz besteko adina 72 eta 75 urte artekoa da. Jende berria erakarri nahian Zuzendaritza berria sartu zenetik, urtebetean «mahaiak berritu, argi berriak jarri, bulego bat egokitu…» gauza asko egin dituzte. Masajista [...]
Beasaingo erretiratuen etxeak 30 urte bete ditu, eta atzo, urtemuga hori ospatzeko eguna izan zuten. Ehunka lagun elkartu ziren egun osorako antolatu zituzten ekitaldietan. Besteak beste, meza, hamaiketakoa, elkarteko lehiaketen sari banaketa eta dantzarien saioa izan zituzten.
Aranealde zentroa –hala deitzen da gaur egun– 1982an inauguratu zuten, ordura arte mediku etxe izan zen eraikinean. Lanak, garai hartako 20 milioi pezeta kosta ziren, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Beasaingo Udalaren artean ordaindu zituzten. Ekitaldian, Juanito Lasa alkateak, Javier Agirre osasun sailburuak, eta Segundo Dorronsoro apaizak parte hartu zuten, besteak beste.
Iaztik, Juanjo Iturriotz da Aranealde elkarteko presidentea. Egoitza sortu zenean, halako azpiegitura baten beharra bazela uste du. «Hasieratik ezagutu dut hau, eta jende asko dago honen beharra duena. Askok oso pentsio txikia dute, eta neguan hemen egoten dira, bestela etxean gastu handia dagoelako».
Baina elkartera etortzeko arrazoi bakarra ez da ekonomikoa; askorentzat elkartzeko, lagunekin egoteko eta denbora pasarako gunea ere bada. Izan ere, ohiko karta jokoez gain, beste hainbat aktibitate egiten dituzte, hala nola tailerrak, abesbatza, hitzaldiak eta irteerak. Egun 1.500 bazkide ditu elkarteak, eta Iturriotzek azaldu duenez, bazkideen bataz besteko adina 72 eta 75 urte artekoa da.
Jende berria erakarri nahian
Zuzendaritza berria sartu zenetik, urtebetean «mahaiak berritu, argi berriak jarri, bulego bat egokitu…» gauza asko egin dituzte. Masajista berri bat ere ekarri dute, eta «jendea oso gustora» dago berarekin. Aurrera begira ordea, asmo gehiago dituzte esku artean. «Gela handi bat badago eta hori hirutan zatitu eta joko berriak sartu nahi ditugu. Beti kartetan aritu izan gara, eta bada garaia gauza berriak sartzeko: ping-pong eta billar mahaiak, ajedreza… ziber gela bat ere jarri dugu, eta futbolin bat ekartzekotan ere bagabiltza. Jende gazteagoa erakarri nahi dugu horrela».
Iturriotzen esanetan, bazkideen bataz besteko adin hori jaitsi eta jende berria erakarri behar da. Hala ere, jendeari ardura postuetan jartzea kosta egiten zaiola uste du. «Guk hartu aurretik, bi hilabete egon ginen, zuzendaritza inork hartu nahi ezta. Eta beldur ginen inor hasten ez bazen, gestoraren bat edo jarriko ote zuten». Horregatik, hamaika laguneko taldea osatu zuten, «hau aurrera ateratzeko asmoarekin».
Udalarekin ere «harreman ona» izan dutela dio Iturriotzek. «Alkatea gonbidatu genuen eta eraikina nola zegoen ikusten izan zen. Gure planak azaldu genizkion, eta inbertsio mailan diru bat gorde zigun, urtero ematen diguten laguntzaz gain. Guretzako nobedadea izan da hori». Diru horri esker, hainbat berrikuntza egin eta etorkizuneko zutabeak jarri nahian ari dira, gutxienez beste 30 urtez irauteko.













