«Hobetzeko tartea badudala uste dut, ez dudala oraindik dudan guztia eman»
Eskola garaitik dabil atletismoan Alazne Furundarena abiadura-lasterkaria (Ordizia, 1989). Federatuta daramatzan hamar bat urteetan pixkanaka-pixkanaka egin du gora haren mailak, eta promesetan inguruko txapelketa gehienak irabazita, maila gorenean aritu da aurten. Venezuelan izan zen ekainean, eta Finlandian uztail hasieran, Espainiako selekzioarekin. Gipuzkoako inoizko abiadura-lasterkari onenak umiltasunez hitz egiten du, eta pistan erakusten du bere balioa. Hobetetzeko tartea baduela uste du, eta nola ez, Olinpiar Jokoetan parte hartzea gustatuko litzaioke, «oso-oso zaila» iruditzen zaion arren. Denboraldi luzea daramazu, baina txapelketek ez dute etenik. Asteburuan Euskadiko Txapelketan parte hartuko duzu Durangon. Zer gorputzaldirekin zoaz? Markaren bat ontzea da nire helburua. Entrenatzen-eta gustura ari naiz, eta Ion Etxeberria entrenatzaileak esaten dit marka on bat egiteko moduan nagoela. Ea ateratzen den, eta ea eguraldiak laguntzen duen. Larunbatean [bihar] 100 metrokoan ariko naiz, eta igandean [etzi] 200ekoan. Atletek markak aipatzen dituzue beti, baina bi probetan irabazle izateko hautagaia zara. Zergatik bereizi ohi izaten duzue hori? Azkenean markak hobetzea izaten da atleton helburua. Entrenamendu onak egiten baditugu txapelketetan markak ontzea da gure nahia, horrek esan nahi baitu bilakera ona izaten ari garela. Eta txapelketa, bada bai, behin hasita irabazi egin nahi nuke. Maitane Iruretagoiena eta bion artean egongo da, eta badakit ez dizkidala gauzak erraz jarriko. [...]
Eskola garaitik dabil atletismoan Alazne Furundarena abiadura-lasterkaria (Ordizia, 1989). Federatuta daramatzan hamar bat urteetan pixkanaka-pixkanaka egin du gora haren mailak, eta promesetan inguruko txapelketa gehienak irabazita, maila gorenean aritu da aurten. Venezuelan izan zen ekainean, eta Finlandian uztail hasieran, Espainiako selekzioarekin. Gipuzkoako inoizko abiadura-lasterkari onenak umiltasunez hitz egiten du, eta pistan erakusten du bere balioa. Hobetetzeko tartea baduela uste du, eta nola ez, Olinpiar Jokoetan parte hartzea gustatuko litzaioke, «oso-oso zaila» iruditzen zaion arren.
Denboraldi luzea daramazu, baina txapelketek ez dute etenik. Asteburuan Euskadiko Txapelketan parte hartuko duzu Durangon. Zer gorputzaldirekin zoaz?
Markaren bat ontzea da nire helburua. Entrenatzen-eta gustura ari naiz, eta Ion Etxeberria entrenatzaileak esaten dit marka on bat egiteko moduan nagoela. Ea ateratzen den, eta ea eguraldiak laguntzen duen. Larunbatean [bihar] 100 metrokoan ariko naiz, eta igandean [etzi] 200ekoan.
Atletek markak aipatzen dituzue beti, baina bi probetan irabazle izateko hautagaia zara. Zergatik bereizi ohi izaten duzue hori?
Azkenean markak hobetzea izaten da atleton helburua. Entrenamendu onak egiten baditugu txapelketetan markak ontzea da gure nahia, horrek esan nahi baitu bilakera ona izaten ari garela. Eta txapelketa, bada bai, behin hasita irabazi egin nahi nuke. Maitane Iruretagoiena eta bion artean egongo da, eta badakit ez dizkidala gauzak erraz jarriko.
Zein dira zure marka onenak?
100 metrokoan 11:79 da nire marka, eta 200 metrokoan 24:14 da aire librekoa, eta 24:06 pista estalikoa.
Normalean ez al da denbora hobea egiten aire librean?
Bai, hala da, baina oraindik ez zait atera .
Txindoki atletismo taldean hazia zara, baina azken urteetan Donostiako Atletico San Sebastian klubean ari zara. Hala ere, Ordizian entrenatzen duzu, eta betiko entrenatzailea daukazu, Ion Etxeberria. Gustura sentitzen al zara etxean?
Oso gustura. Ion asko kezkatzen da, ikusten da atletismoa gustatzen zaiola, gogoa jartzen duela, eta horrek asko laguntzen du. Nahiz eta Donostiako klub batean egon Ordizian entrenatzeko aukera daukat, eta egia esan, nahiago dut hemen aritu, beti hemen aritu naizelako, eta eroso sentitzen naizelako.
Zure buruari non ikusten diozu hobetzeko tartea? Zer esaten dizu entrenatzaileak?
Uste dut hobetzeko tartea badaukadala, ez dudala eman oraindik daukadan guztia. 400 metrokoan, adibidez, badakit hobeto egin dezakedala. Aire librean ez naiz 56 segundutik jaitsi, baina badakit jaits naitekeela. Horretarako egin beharra daukadana da kontzientziatu, nire buruari sinestarazi ondo egin dezakedala, batzuetan ez baitut hori sinesten. Lehen ere ez nuen uste 200 metrokoa 24:06an egin nezakeenik, baina egin egin nuen. Irteeran hobetu beharra daukat, hori bai, abiadura probetan asko laguntzen baitu horrek.
Zein da zure probarik kuttunena?
200 metrokoa, lasterketan zehar progresatzeko aukera izaten dudalako. Pista estalian 60 metrokoan parte hartu ohi dut, eta proba horretan irteera txarra egiten baduzu ez daukazu zereginik. Horregatik gustatzen zait gehien 200 metrokoa.
Aurtengoa urte berezia izaten ari da zuretzat. Iaz promesetan titulu asko irabaztetik, aurten goren maila zabiltza. Aldaketa handia izan al da?
Oso handia, koska handia dago batetik bestera. Espainiako selekzioarekin joateko zailagoa da. Olinpiar Jokoetara-eta joaten den jendea daukazu parean, eta hautatua izatea bera saria da, oso zaila baita. Baina beno, lortu dut eta gustura nago.
Orain gutxi nazioarteko bi txapelketatan parte hartu duzu. Latin-Amerikako Jokoetan izan ziren ekainean, eta Europako Txapelketan uztail hasieran, Helsinkin. Pentsatzen dut esperientzia polita izango zela.
Oso polita. Venezuelara joateko gutxieneko denbora iaztik eginda neukan, baina lau korrikalari geunden, eta bi bakarrik aukeratzen zituzten hautatzaileek. Venezuelan idoloen pare tratatu gintuzten, denek nahi zuten gurekin argazkiak atera. Gu harrituta geunden. Pentsatzen dut Espainiak han izan zuen eraginarengatik izango zela hori
Eta Helsinkin, berriz, Europako abiadura-lasterkari onenekin lehian aritu zinen errelebotako proban. Merlene Ottey beteranoa zegoen haien artean.
Ni ez nintzen konturatu ere egin serie berean geundenik. Ni larri nengoen, kontzentratuta, eta gero, lasterketa bukatu zenean, ikusi nuen Merlene Ottey. Eta serie berean Christine Arron frantziarra zegoen. Haraino joan eta bi horiekin korrika egitea polita izan zen bai.
Londresko Olinpiar Jokoak ere gainean daude. Europakora joan aurretik esan zenuen dominaren bat lortu edo ikaragarrizko markaren bat egin beharko zenuketela sailkatzeko. Emaitzak, ordea, ez ziren nahi bezalakoa izan. 2016rako sailka zaitezkeela uste al duzu? Edo ez duzu horrelakoetan pentsatzen…
Ez, baino gustura geratu ginen hala ere. Gustatuko litzaidake Olinpiar Jokoetara edo Munduko Txapelketara joatea, baina momentuz ez dut gehiegi pentsatzen horretan. Batzuk esaten dute goiz eta arratsalde entrenatuta emaitza hobeak lortzen direla, baina nik, igual, horrela entrenatuz gero okerrago egingo nuke korrika. Egin beharko nukeena da ondo entrenatu, asko zaindu eta ea marka onen bat ateratzen zaidan, baina oso-oso zaila da.
Eta Euskadikoen ondoren zer?
Arabako Diputazioaren Torneoa daukagu ondoren, eta abuztu bukaeran Espainiakoa. Denboraldia luzea egiten ari zait, egia esan.














