David Ardions gidari oñatiarrak irabazi zuen, atzo, Gabiriako XV. Rallyesprinta, Josu Agirre gidari-ondokoa lagun zuela. Joxe Labaka-Aitor Otaegi azpeitiarrek egin zuten bigarren. 30 taldek bukatu zuten proba. Iban Tarsicio-Iñigo Peñak osatu zuten podiuma, hirugarren. Lehen lau sailkatuak 6 segundoren barruan geratu ziren, lehia estuaren seinale. Jon Davoz-Vicky Gorriz izan ziren laugarrenak. Lau taldeek Mitsubishi Evo autoak erabili zituzten.
Ardions-Agirre bikoak hiru erlojupekoetatik bi irabazi zituen, lehena eta hirugarrena. Bigarrenean Labaka-Otaegik egin zuten denbora onena.
Multzoka, Iban Tarsicio eta Iñigo Peña izan dira 6 saileko garaileak, David Ardions eta Iosu Agirre 5ean, Antxustegi eta Urresti 4an, Ander Arana eta Arkaitz Kobeaga 3an, Egoitz eta Xabier Mujika 2an, eta Jon Pejenaute eta Luis Miguel Vaz 1ean. Formula librean Txus Jaiok eta Jesus Urkidik irabazi dute.
Izena emanda 51 talde baldin bazeuden, 44k parte hartu zuten, behin ikuskapen teknikoak eta administratiboak gaindituta. Bederatzik ez zuten rallyesprinta osorik bukatu, gehienak matxurengatik erretiratu ziren. Ez zen istripu aipagarririk izan, eta etenaldirik gabe garatu zen lasterketa osoa.
Rallyesprintaren argazkiak (argazkilariak: Mikel Aldasoro, Angel Elortza, Eduardo Maturana, Aimar Maiz):