
Irailak 21 eta 22an mendi bizikletako Euskadi Extrem proba Beasainen egingo da. Proba hau egiten den V. aldia izango bada ere, Gipuzkoan egiten den lehen aldia izango da hau. Gaur eguerdian aurkeztu dut ofizialki proba hau Igartza jauregian Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak, Koldo Agirre Beasaingo alkateak, Jose Antonio Arenzana Euskadi Extremen antolatzaileak eta Roke Akizu Foru Aldundiko Turismo Zuzendariak. Proba honek izango duen eragina azpimarratu dute gehienek. Apirilaren 1ean irekiko da proba honetan izena emateko aukera www.euskadiextrem.com orrialdean eta gehienez, bi egunetarako, 600 lagunek eman dezakete izena. Iaz 300 lagun baina gehiagok parte hartu zuten eta aurten gehiago izatea espero dute antolatzaileek. Orrialde honetan lasterketaren zehaztasun gehiago jartzen joango dira antolatzaileak eguna gerturatzen ari den einean.
Lehenengo eguneko proban, irailaren 21ekoan, 100 eta 110 kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek Gasteiztik Beasaina. Joxean Arenzanaren arabera «mendi purua» izango da, gainera. Ibilbide horretan «Aizkorri-Aratz parke naturala eta Aralarrek eskaintzen dituen inguruez gozatzeko aukera» izango dute txirrindulariek, Arenzanaren hitzetan. Goizeko 07:30ean hasiko dira akreditazioak banatzen, gosariak banatzen eta sinaduren kontrola egiten, eta 09:00etan abiatuko dira Gasteizik, Beasaina bidean. Bigarren eguneko ibilbidea, irailak 22koa, Aralar inguruetan izango dela azaldu zuen: «oso leku potentea BTTan ibiltzeko», bere hitzetan. 50 eta 60 kilometro inguruko ibilbidea izango da hau. Bigarren egun honetan ere berdin egingo dute irteera; 07:30ean prestatzen hasiko dira eta 09:00etan abiatuko dira. Behin txapelketa amaituta, 18:00etan autobusa egongo da Beasaindik Gasteiza itzuli nahi dutenentzat.
Niko Osinaldek proba hau egitearen «onura azpimarragarria» dela azaldu du eskualderako, bere esanetan «partehartzaile bakoitzak hiru edo lau lagun ere ekar ditzakelako berarekin» eta «egun horietan sortzen den dinamika onuragarria izando delako, besteak beste, alojamendu, jatetxe eta merkataritzarentzako». Roke Akizu Foru Aldundiko Turismo zuzendariak «Goierri muturreko kirolen erreferente» bihurtzen ari dela esan du «Zegamako Maratoia, Ehunmilak… eta orain Euskadi Extremek baieztapen hori azpiamarratu egin du».