Goierritarrik ez txapelarekin
Baigorriko (Nafarroa Beherea) Pantxoa Juanikotena eta Joan Juanikotena dira aurtengo Euskal Herriko mus txapeldunak. Agurainen (Araba) jokatu da aurten finala, eta lehen goierritarrak zazpigarren postuan sailkatu dira. Beasaingo Juan Luis Perez eta Ramon Rodriguez izan dira partidaz partida postu horretara iristea lortu dutenak. Otsailaren 26an Seguran jokatu zen Gipuzkoako finalean zortzi bikote sailkatu ziren Euskal Herri mailako finalera, baina bakarra sailkatu da lehen zortzi bikoteen artean.
Goizean goiz hasi ziren finalerako giroa berotzen Aguraingo plazan Euskal Herriko zazpi probintzietako 128 bikote muslariak. Aguraingo Ikastolan jokatu zituzten lehen partidak, eta bertan sailkatu ziren finalaurrekorako 32 bikoteak. Jokatu eta jokatu, «ohitura legez nahi baino gehiago luzatu zen lahen kanporaketarako lehia –16 bikote sailkatu ziren–, eta arratsaldeko 15:00ak iritsi ziren bazkaltzen hasterako», zehaztu dute antolatzaileek.
Potro elkartean jarraitu zuen ondoren txapelketak, eta «saio luze eta intentsoa» izan zela azaldu dute Euskal Herriko Mus Federaziotik: «19:00ak inguruan hasi ziren finalaurrekoak eta Nafarroa Behereko bi bikote, eta Bizkaiko eta Zuberoako bikote bana aritu ziren». Alboko mahain, berriz, Nafarroa Behereko beste bi bikote ari ziren, «lehia bizian»: Baigorriko Juanikotena anaiak eta Aiherrako Seillan eta Ochagaray. «Azken hauek bi eta hutseko abantaila izateraino aurreratu ziren, eta ondoren, tantoz tanto eta zorte izugarriarekin harrapatu eta pasa egin zituzten, Juanikotena anaiek irabazi arte».
Datorren urtean Heletan
Aurtengoa amaituta, datorren urteko finala non izango den ere zehaztuta dute antolatzaileek. Heletan (Nafarroa Beherea) izango dela aurreratu zuten larunbatean Euskal Herriko Mus Federaziotik. Ordurako aurtengo irabazleek nazioartera egiteko bidaia egina izango dute, eta aurtengoa errepikatzeko gogoz ekingo diote txapelketari.