Aurtengo gida turistikoa aurkeztu du Goiturrek
Tolosaldea Garatzen erakundearekin batera, 2013rako turismo gida aurkeztu du gaur Goiturrek. Bi eskualdeetako eskaintza turistikoa batera argitaratu dute bi eskualdeetako eragileek, Euskadiko Bihotza markapean. Gidaren hasieran Goierriko eta Tolosaldeko mapa bat jarri dute eta bertan kokatu dituzte eskaintzaren atalik nagusienak: bidegorriak, ibilbideak, informazio bulegoak, jatetxeak, alojamenduak, azokak…
Gidak hiru zati izango ditu, esperientzia turistikoetan oinarrituta egindako banaketaren arabera: esperientzia gastronomikoak, kulturalak eta naturalak banatu dituzte, eta horien ondoren erosketak egiteko gida bat eta museoen eta interpretazio zentroen beste gida bat jarri dituzte. Gidan bertan, QR kodeak txertatu dituztela azaldu dute Tolosaldea Garatzen erakundeko Olatz Illarregik eta Goiturreko Niko Osinaldek.
Guztira 10.000 ale banatuko dituzte eta bihar bertan hasiko den Sevatur azokan (Donostia) eskuratzeko aukera egongo da. Gainerakoan bi eskualdeetako turismo bulegoetan eskuratu ahalko da, eta nahi duenak gida mugikorrera jaisteko aukera izango du QR kode baten bidez.