Benito Ros munduko txapeldunak irabazi du Santa Barbarako proba
Gipuzkoako Trialsin Txapelketako laugarren proba jokatu dute Urretxun, Santa Barbaran. Munduko trialsin-eko onenak izan dira bertan, baita kirol honetan lehenengo pausoak ematen hasita dauden gazteak ere. Proba Urretxuko Goierri Txirrindulari Eskolak antolatu du, eskualdean kirol hau ezagutzera eman eta bertakoen artean zaletasuna sustatzeko.
Goierriko Hitza
Goierri
Gipuzkoako Trialsin Txapelketako laugarren proba jokatu dute Urretxun, Santa Barbaran. Munduko trialsin-eko onenak izan dira bertan, baita kirol honetan lehenengo pausoak ematen hasita dauden gazteak ere. Proba Urretxuko Goierri Txirrindulari Eskolak antolatu du, eskualdean kirol hau ezagutzera eman eta bertakoen artean zaletasuna sustatzeko.
Gipuzkoako Txapelketako bost probetako laugarrena jokatu zen igandean Urretxun. Probari dagokionez, ez zen aparteko ezustekorik izan Jose Ramon Agirre antolatzaileak esan duenez, «parte hartzaile bakoitzak espero zen maila eman zuen». Probak elite, junior, haurren, kimuen eta benjaminen mailetan jokatu ziren, eta guztira 37 lagunek hartu zuten parte.
Proba bakoitzeko bost gune gainditu behar izan zituen hiru aldiz parte hartzaile bakoitzak. Mailaren arabera gainditu beharreko trabak zailtasun ezberdinetakoak ziren. Maila apalenetik zailtasun handienera, gune zuriak, urdinak, gorriak eta horiak antolatu zituzten. Kirol honen helburua hankak lurrean ahalik eta gutxien jarrita traba guztiak gainditzea da.
Elite mailan sei parte-hartzaile aritu ziren eta, aurreikuspenak beteta, Benito Ros izan zen irabazlea. Munduko txapelduna da pilotu nafarra, eta «bere mailari eutsi» ziola esan du Agirrek. Bigarren egin zuen Ion Areitiok, «laugarrena mundu mailan».
Sorpresarik ez sailkapenean
Parte hartzaileen artean Gorka Susperregi eta Sergio Fernandez nabarmendu ditu Agirrek. Izan ere, biak elite mailan aritzeko gazteegiak diren arren «kalitatezko entrenamendua» egin zuten igandean. Hau da, «txapelketarako sailkapena lortu baino, bere maila neurtzeko eta beste parte hartzaileengandik ikasteko». Sailkapen orokorrean atzean geratu baziren ere, «beren mailan oso kalitate oneko pilotuak dira».
Junior mailan Irene Caminos izan zen lehena. Bere kideek baino zailtasun txikiagoko trabak gainditu zituen «bestela ez da ohikoa neskak mutilen gainetik geratzea sailkapenetan», argitu du.
Haurren mailan Julen Saenz de Ormijana izan da irabazlea. Maila berean aritu da baita, Goierriko parte hartzaile bakarra: Beñat Agirre urretxuarra. Seigarren egin du sailkapenean, «gutxi arriskatu» baitu azken proba honetan. Kimuen mailan lau parte hartzaile izan ziren eta horietatik Andoni Perez izan zen onena. Benjaminen mailan egon zen parte hartze zabalena, hamaika parte hartzaile orotara. Josu Perez izan zen guztietan onena. Euskal Herrian zaletasun gutxi dago Agirreren ustetan, baina daudenak maila altuko pilotuak dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.