Goian lantegian bukatu da langileen greba, kaleratutako bi lankide berriz hartu ondoren
Lazkaoko Elevadores Goian enpresan bukatu da greba mugagabea, urtarrilaren 2tik lanik egin gabe egon ondoren. Langileen ordezkariek gaur ohar batean jakinarazi dutenez, abenduaren 21ean kaleratu zituzten bi lankide —erosketen arduraduna eta ekoizpen zuzendaria— atzera hartu egin ditu zuzendaritzak. Grebaren hasieran enpresa batzordekoek esan zutenez, “arrazoirik gabe” kaleratu zituzten bi langileak, “kargu desberdinak dituzten beste hiru lankiderekin batera, enpresan zuten egoera larriaren berri bazkide kapitalistei emateagatik, iazko urrian”.
Grebak iraun duen denboran babesa agertu dieten “jende guztia” eta negoziazioan aritu den LAB sindikatua eskertu dituzte langileen ordezkariek.