Zerainen bertan egindako gazta eta sagardoa goratu dute, sasoia ofizialki hasiz
Zeraingo Gaztaren eta Sagardoaren Mendia proiektuaren barruan, gaur eman dute hasitzat bertan ekoitzitako Idiazabal gaztaren eta sagardoaren denboraldia. Txotx garaia aurrera doa Zeraingo bi sagardotegietan, eta herriko lau gaztagileek gazta berria aurkeztu dute. Mugaritz jatetxeko Dani Lasa sukaldariak ireki du gazta berria, eta Oiharteko zein Otatzako sagardo botila banari kortxoa kendu die.
Zerain Dezagun Fundazioak bultzatuta, bertako produktuak balioan jartzea, kontsumi daitezen laguntza ematea, eta herritarrek bertako jakien balioa jaso dezaten kontzientzia piztea dira Gaztaren eta Sagardoaren Mendia proiektuaren helburuak, baita Zeraingo lanbideak eta ekonomia laguntzea ere. Fundazioaren lehendakari Andoni Alustizak azaldu duenez, Zerainen etorkizuna “bertan bizitzeari eta bizimodua bertan ateratzeari lotuta” dago. “Bertan egiten den gaztari eta sagardoari etekina atera behar zaio, hortik bizi diren familiei bidea eginez eta laguntza emanez. Benetan sinistu behar dugu Euskal Herrian produzitutakoak bertan kontsumitu behar ditugula. Baina oso urruti gaude hortik. Zerainen hori errotu beharra dago. Sagardotegiek bertako gazta jartzearen apustua egin dute. Zerainen posible bada, beste lekuetan ere bai”.
Zeraingo sagardoaren eta gaztaren aurkezpena kultur etxean egin dute, gaur goizean. Zeraingo alkate Joxe Manuel Oriaz eta Fundazioko Alustizaz gain, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenaren Kontseiluko buru Joxe Mari Uztarroz ere bertan izan da. Alustizaren ildo beretik jo du Uztarrozek: “Kanpoan erosi eta saltzea erraza da. Zuek bertako produktuak ateratzen dituzue, bertakoek eginak; horiek bultzatu behar dira. Zoriondu egin nahi zaituztet lan horregatik, lurraldeari etorkizuna ematen diozuelako, eta bertan bizitzeko ilusioa sortu. Ea inguru guztia kutsatzen duzuen horrela”.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Nekazaritza, Arrantza, Elikagai eta Landa Garapeneko sailburuorde Bittor Oroz ataundarra izan da. Zeraingo irekieran egotea “oso berezia” dela beretzat aitortu du, eta Zeraingo herria zoriondu du. “Beti, jarraitu beharreko eredu gisa ikusi dut Zerain, eta orain ere bai. Bere baliabideak balioan jarriz etorkizuna bermatzen duzue, iragana ahaztu gabe”.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, nekazaritza gaietarako “diru gutxi” dagoela onartu arren, azaldu du bere sailak lau urterako ekinbidea hiru ardatzen gainean finkatu duela. Ohiko gastronomiaren eta turismoaren zutabeei, “produkzio agroalimentarioa” batuko diete. “Garbi daukagu, Zerainen bezala, halako gauzak indartu behar direla. Gure produktuak turismoaren eta gastronomiaren ataletan uztartu nahi ditugu”, esan du Orozek.
Mugaritzeko Dani Lasak, gazta ebaki aurretik, lurraldea, nortasuna eta kanpora irteteko bertako produktuengan egin duten apustua nabarmendu ditu. “Ikusi genuen, lurraldeak eta bere nortasunak nahikoa pisu bazutela guri falta zitzaigun nortasuna emateko. Orduan hasi ginen nortasuna edukitzen, eta orduan atera ginen kanpora”. Zerainen, herriari eta ondareari “distira” atera diotela goraipatu du Lasa sukaldariak.