Botoi baten ipuina
Julita Telleria 1943an hasi zen lanean joskintzaren esparruan. Etxean bertan zuen artilezko jertseak egiteko tailerra. Hura izan zen gaur egun Zumarragako bihotzean dagoen Julita Telleria izeneko mertzeriaren aurrekaria. Ordutik 70 urte igaro dira, eta dendaren nagusiak aldatu badira ere, beti egon da zabalik. Nerea Mendizabalek, Telleriaren ilobak, orain 8 bat urte hartu zuen mertzeriaren ardura.
«Hainbat emakumeren laguntzarekin egin zuen lan izebak tailerrean, eta gerora ireki zuen mertzeria, Zumarragako lehena». Urte haietan arropak josteko ohitura zein beharra zeuden; norberak etxean bere arropak egin edo enkarguz eskatzen zizkien jostunei. Joste lana emakumeen ardurapean zegoen gehienetan, nahiz eta Zumarragan, gutxienez, gizonezko bi sastre ere egon zen. «Gure dendara garai hartako jostunen seme-alabak etortzen dira egun. Umetan amak eskatutakoa erostera etortzen zirela gogoratzen dute, eta erakusmahaira ez zirela iristen».
Julita Telleriak erretiroa hartu zuenean, denda bi arreben esku utzi zuen, eta haiek gerora Arantxa Pozuetari egin zioten eskualdatzea. Mendizabalek Pozuetari hartu zion erreleboa. Horren lekuko Julita Telleria bera izan zen; Telleria 104 urte betetzeko zela zendu baitzen.
«Niri ez zitzaidan inoiz burutik pasa negozioaren kargu egitea. Gure aitak, ordea, nik baino lehenago ikusi ninduen mertzerian, eta haren bultzadarekin negozioa hartu genuen ahizpak eta biok». Abentura berria ahizparekin hasi izanak «bertigoa baretu» ziola dio, ez baitzekien «hari batek zertarako balio zuen ere. Gure amak izebarekin lan egin zuen, hasieran asko lagundu zigun eta laguntzen dit oraindik ere», dio. Denborarekin ahizpak beste bide bat hartu zuen, eta Nerea Mendizabalek bakarrik darama egun dendaren lema, Marta Aizpurua laguntzaile duela.
Urriaren 8an zortzi urte beteko ditu Mendizabalek mertzerian, eta denbora pasa ahala «bezeroei esker» harien, botoien, zinten, kremaileren eta bestelako zeren misterioak ezagutu dituela gehitu du. «Askotan egokitu zait umiltasunez bezeroari eskatzen duena zer den galdetzea; hori izan da ikasteko aurkitu dudan modurik onena». Edozein modutan, mertzeriaren arloa hain zabala da ezen ikasten jarraitzen duela beti ere.
Haritik harira
Dendan pijamak, barruko arropak eta beste zenbait arropa saltzen baditu ere, gehien betetzen duen arloa mertzeriarena dela dio. «Gurera gauzak erostera baino, dituzten arazoei konponbidea ematera datoz bezeroak. Konponbide hori aurkitzeak poz handia ematen du; hori da gure lanaren xarma». Saltzailearen inplikazioa eskertzen dute bezeroek, eta ideiak emateagatik espero ez dituzten konponbideak aurkitzea ere bai.
Bere lana ondo baino hobeto deskribatzen du Mendizabalek botoiaren ipuina kontatzen duenean: «Bezero bat botoi baten bila datorrela. Nolako botoia nahi duen galdetuta, ohiko botoia nahi duela erantzungo dit. Dendan ehunka botoi dauzkagu. Gehiago zehazteko eskatuko diot, eta alkandora zuri bati josteko botoia behar duela esango dit. Botoi batzuk aterako dizkiot, eta horrelako bat ere ez dela egokia esango dit. Beste botoi kaxoi batekin proba egingo dugu, berak nahi duen ohiko botoi hori topatzen dugun arte. Botoia aurkituta poza baino ez da geratzen».