Gorka Gerriko, Amaia Luluaga, Olatz Etxeberria eta Aimar Balerdi, Segurako igerilekuan
Prest daude jada Goierriko kanpoko igerilekuak udako denboraldiari hasiera emateko. Zegama, Segura, Idiazabal, Beasain, Olaberria, Ordizia, Urretxu, Legazpi, Ormaiztegi eta Lazkaok dituzte kanpoko igerilekuak Goierrin, eta herri bakoitzak igerilekuak kudeatzeko modu ezberdina du. Batzuetan kiroldegiak berak kudeatzen du, beste batzuetan igerilekuen kudeaketaz arduratzen diren enpresen esku uzten dira, eta beste batzuetan herriko jendeari ematen zaio igerilekua eta bertako taberna kudeatzeko aukera. Segura da horietako bat.
Aurten lau gaztek osatutako taldea izan da igerilekua kudeatzeko aukeratua, aurkeztu diren hiru talderen artean. Euskara jakitea, taldeak hiru lagun behintzat izatea eta taldeko gehienak herrian erroldatuta egotea ziren eskatzen ziren baldintzak.
Lau gazte
Hala eman zuten izena Aimar Balerdik, Olatz Etxeberriak, Gorka Gerrikok eta Amaia Luluagak. Hauetatik hiru lanik gabe zeuden maiatz hasieran igerilekuak hartzeko eskaera egin zutenean. Geroztik, batek denboraldi baterako lana lortu badu ere, igerilekuetako lanari eustea komenigarri ikusten zuten.
Segurako igerilekuek, igerileku zerbitzuaz gain, taberna eta jatetxe zerbitzuak ere eskaintzen ditu, eta aurten ere zerbitzu guztiak eskaintzeko asmoa dute lau gazteek: plater konbinatuak (tartean begetarioanoak ere bai), ogitartekoak, anoak, pizzak, hanburgesak eta sandwichak emateko asmoa dute. Gainera, enkarguz eskatuz gero, bazkari bereziak ere emango dituzte. Ekainaren 26tik irailaren 1era bitartean egongo dira irekita: 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik igerilekua, eta taberna beranduxeago itxiko dute, afariak zerbitzatzeko.
Amaitu berri den udaberria ikusita, udan egingo duen giroaren beldurrik ba ote duten galdetutakoan ezezkoa esan dute gazteek; «txarxeagoarekin ere moldatzeko modua aurkitzen» saiatuko direla diote.
Herritarrei aukera
Egoera ekonomikoa nola dagoen ikusita, herriko gazteei horrelako lantxo bat ematea «garrantzitsua» dela iruditzen zaie gazteei, eta «herriak duen zerbitzu publiko bat sustatzeko modu egokia» dela uste dute. Gainera, herritik kanpoko enpresa bati lan hau eman ordez herriko gazteei aukera bat emateak «udalak herritarrengan duen konfidantza ere azaltzen» duela uste dute lau gazteek.