Lazkaoko Abesbatzak 30. urteurrena ospatuko du, kantaldi bereziarekin
Lazkaoko Abesbatza koruak 30 urte bete ditu. Igandean ospatuko dute urteurrena, beneditarren komentuko mezan, 11:00etan. Kantaldi berezia egingo dute, meza lagunduz.
Hasieran koru mistoa bazen ere, azken urteetan emakumezkoek bakarrik osatzen dute kantari taldea. Hasieratik Xabier Irastortza fraidea dute zuzendari, baita «maisu eta euskarri» ere.
Berezitasun nabarmen bat badu Lazkaoko Abesbatzak: elizkizunetan soilik abesten dute, izan meza, hileta edo bestelako ospakizun. Erlijio-musika lantzen dute. Bere errepertorioan «herriak abesten dituen kantuak, musika polifonikoa eta kantu gregoriarra» dute.
Koruko kideen esanetan, Irastortza zuzendaria da abesbatza 30 urtean iraunarazi duen euskarria, «baita taldearen arima ere». Hari eskerrak eman dizkiote.