
Luze jo du Legazpin ekaineko osoko bilkurak. Gai zerrendan aurreikusita zeuden gaiez gain, bederatzi mozio aurkeztu dituzte EAJk, PSE-EEk eta Bilduk. Horietatik lau, azken unean urgentziaz sartutakoak. Guztien artean, Legazpiko udaletxean jarrita dagoen Espainiako banderaren inguruko bi moziok sortu zuten, batez ere, eztabaida. EAJko Ane Arrietak Legazpiko udaletxean Espainiako bandera jarri duen lehenengo alderdia izana leporatu dio Bilduren udal gobernuari.
Gai honen inguruko bi mozio aurkeztu zituzten asteazken iluntzeko bilkuran, lehena EAJk. Legazpin «espainiar banderaren inposizioa ofizialki salatzea; udaletxean ikurriña nazio nortasun ikur bezala aldarrikatzen duen plaka bat jartzea, eta inposizioaren aurrean protesta egiteko ekitaldi publiko bat ofizialki deitzea» eskatu zuen EAJk Arrietaren hitzetan. Mozioak EAJren eta Hamaikabaten aldeko botoa jaso zuen; Bilduk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, eta ondorioz ez zen onartu.
Kepa Urtzelai alkateak Bilduren kontrako bozka azaldu zuen gero, beste mozio batekin. Haren hitzetan, «EAJ gai hau erabiltzen ari da bere interes partikularrak bultzatu eta Bilduren kontra jotzeko». Udal gobernuari bandera jartzeko agindua «Espainiako gobernu ordezkaritzatik» iritsi zitzaiola azpimarratu zuen. Bandera ez jartzeak «alkatearen gaitasungabetzea eta kostu ekonomikoa» suposatuko zituela jakinaraztearekin batera. Bigarren mozio honen bitartez, «bandera espainiarra jartzea irmoki salatzea, Carlos Urquijo gobernuaren ordezkaria
persona non grata izendatzea» proposatu zuen, besteak beste.
PSE-EEko Oscar Valbuenak banderarena «ez dela batak besteari aurpegiratzeko gaia» esan zuen. Bilduk «legea bete» duela, eta EAJri erreferentzia eginez «udal gobernuari zentzu horretan ezer aurpegiratzea ez dela koherentea» ondorioztatu zuen. Mozioa Bilduren aldeko botoei esker onartu zen, gainontzeko alderdiek kontrako bozka eman zuten.
Gainontzekoak ere onartuta
Herritar batek hipoteka maileguen IRPH indizearen inguruan aurkeztutako mozioa bere egin zuen Bilduk. Mozio honen bitartez, «IRPH delako abusuzko indizearen berehalako ordezkapena» egitea eskatu diote kutxei. Mozioa alderdi guztien aldeko botoarekin onartuta gelditu zen.
PSE-EE alderdiak bere aldetik beste bi mozio aurkeztu zituen; Gesto por la Paz erakundearen lana aitortzen duen bat, eta KZguneen proiektuari buruzko bigarren mozio bat. Biak onartu ziren, lehena PSE-EE, EAJ eta H1!en aldeko botoekin, Bildu abstenitu egin zen. Bigarrena, PSE-EE, H1! eta Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. EAJk Txingudi Gipuzkoako hondakinen partzuergoan sartzearen aldeko mozioa ez zuen nartu udalbatzak. Bilduk kontrako bozka eman zuen, gainontzeko alderdiek mozioa babestu zuten.
Amaitzeko Bilduk urgentziaz sartutako beste hiru mozio landu zituen udalbatzak. H1!eko Arantxa Arizmendik mozio hauen urgentzia ulertzen ez zuela eta ez zuela bozketan parte hartuko jakinarazi zuen aurretik. Mozioetako bat, gaur ospatzen den Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunari buruzkoa, Urola Garaiko Mankomunitateak adostutako deklarazio instituzionalean oinarritutakoa. Besteak beste, «lesbiana, gay, transexual eta transgeneroen eskubideak eta askatasun publikoak politikoki defendatzea» proposatzen du deklarazio instituzionalak. Mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak.
Bigarrena, hitzarmen kolektiboari buruzko erakunde adierazpenari dagokio. Besteak beste, «Raxoiri, negoziazio kolektiboari buruzko erreforma ezeztatzea, eta Espainiako gobernuak inposatutako neurri guztiak balio gabe utzi ditzala eskatu dio Legazpiko Udalak dagokien gobernuei», irakurri zuen Urtzelaik. Mozioa parte hartu zuten alderdi guztien aldeko botoekin onartu zen. Dena den, PSE-EEko Valbuenak «gaiaren garrantzia» aintzat hartuta, mozio hori «alderdi guztiekin hitzartuta» aurkeztu ez izana leporatu zion udal gobernuari.
Azpillaga Saran atxilotuta
Amaitzeko, «Euskal Herriak konponbiderako eta bakerako bideak» landu behar dituela eta, mozioa aurkeztu zuen Bilduk. Mozio honetan, asteazken arratsaldean Saran atxilotu zuten Aitor Zubillaga legazpiarrari aipamena egin zion alkateak. Mozioa Bilduren aldeko botoekin onartu zuten.
Atzoko azken berrien arabera, Zubillaga aske geratu da kontrol judizialpean, kazeta.info web guneak jakinarazi duenez. Legazpiarraren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindurik ez da oraindik iritsi, eta horrenbestez, datorren asteartean aurkeztu beharko da Paueko auzitegian.