Musika taldeentzat lokalak prestatzen hasiko dira Ordizian
Majoriko eraikin berrian musika taldeentzako lokalen egokitze lanekin hasiko dira astelehenean. Kiroldegi barruko futbol zelaiaren aldamenean egingo dira lokalak; Ordiziako Udalak 40.000 euro bideratuko ditu lan horietara. Guztira zortzi lokal egokituko dituzte eta, horrela, musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea emango diote. Hogeitik gora musika talde daude Ordizian, eta askok ez dute herrian bertan entseguetarako lekurik.
Udaletik azaldu dutenez musika taldeetako ordezkariekin elkarlanean garatutako proiektua izan da. Gainera, herritarrei enbarazurik egingo ez dien lekua aukeratu dute eta taldeentzat irisgarritasun aldetik egokia dena. Kiroldegiko erabiltzaileei ez die eragingo lokal berrien sorrerak, aparteko sarbide eta funtzionamendua izango baitute.