
Joan zen asteko aipamenean sukaldariek Ordiziako ferian dute presentzia eta honi ematen dioten garrantziaz aritu ginen. Atzokoak horietako beste adibide bat eskaini zigun; Mugaritz jatetxeko sukaldari nagusia, Andoni Luis Aduriz, ferian izan baitzen. Bere lantaldeko ikerkuntza saileko arduradun diren Dani Lasa eta Jabi Bergararekin batera, GQ Gentlemen’s Quarterly New Yorkeko aldizkariko kazetariak. Hemengo gastronomia ohiturei buruz egiten ari diren erreportajea osatzeko, besteak beste, Ordiziako Azoka ezagutzera ekarri zituzten.
Piperretan aukera handia
Negutegietakoak dira denak eta nahikoa lanarekin ari dira aurrera egiten. «Ez zaio mastrarik hazten, lehen loraldikoak hartu zuen baina geroztikoak ezinean» dabiltzala dio Joxe Mari Uzin azkoitiarrak, piper morroei (4 euroan kiloa) buruz. Hala ere lehenak ekarri zituen italiar gozoekin (6 €/kg) batera, Aramako Patxi Arizmendirenak izan dira lehenengo piperminak (10 €/kg). Hauez gain, lehendik zeuden piper ezti gozo luzeak (6 €/kg) eta gernikakoak
(6 €/kg) aukeran dira.
Aire libreko produktu berriak
Barazki berriak ezagutzeko aukera aparta eskaintzen dute azokek, atzokoan esate baterako mihilua Foeniculum vulgare zuen Xalba Kuadradok berezoen harridurarako oso gutxik baitute hori dastatua, “anisa” esanez ezagutu duenik pasa da bere salmahaitik; izan ere horretxen usaina eta gustoa baitu, errezeta posiblei buruz aritu zenik ere inguratu zen.
Negutegirik ezean, baratzeak emankor izatetik urruti dabiltza, baina hala ere badira aipatzeko moduko beste produktu beste berri batzuk: aire libreko patata hasi da, asko gorrinak jota dauden arren. Lehen azenarioak (sorta euroan) salgai ziren Edurne Baliarraingoaren postuan. Azkenik, frutei dagokionean, andere mahatsak hasi dira, bai zuriak eta baita gorriak ere (10 €/kg).