Gaur hasiko dute atez ateko hondakin bilketa Ordizian
Iluntzeko 20:00etatik aurrera hasiko dira Ordiziako bizilagunak hondakinak gaika ateratzen. Hainbat hilabetetako prestatze lanen hondoren, birziklatze tasak hobetzea helburu duen sistemari ekingo diote. Hala, Gipuzkoan atez ateko bilketa darabilten herrien zerrendan sartuko da Ordizia.
Astean zehar jarraitu beharko duten egutegiaren arabera, organikoa aterako dute gaur dagokion kuboa atarietan dauden zintzilikarioetan jarriz. 22:00etatik 23:00etara dute ateratzeko tartea, 22:30era erdigunean, eta behin bilketa gauez egin ondoren goizean jaso ahal izango dituzte ontziak. Egunero bezala, organikoaz gain, pixohialak eta konpresak ere atera ahal izango dituzte ontziaren barrenean sartutako aparteko poltsa batean.
Sor litezkeen kezka eta zalantzak argitzeko, atez atekoaren informazio bulegoa irekita egongo dea astelehenetik ostiralera goizez zein arratsaldez Ordiziako Udaletik jakinarazi dutenez. Bestalde, orain arteko ohiko edukiontziak astelehenetik aurrera hasiko dira kaleetatik kentzen.