Hiru domina lortu dituzte Granollers eta Castellon Txindokiko atletek
Txindoki-Jaso atletismo taldekoak Granollers eta Castelloko Espainiako txapelketetan izan ziren joan den asteburuan. Bartzelonan kadeteak lehiatu ziren eta Castellon juniorrak. Guztira bederatzi izan dira bi txapelketetan aritu diren atletak; hiru domina lortu dituzte eta sei finalista postuetan izan dira.
Jabalina (600gr) jaurtiketan bigarren egin zuen Gari Garmendia kadeteak 53:63 marka onenearekin. Pisu jaurtiketan, ustekabean, hirugarren egin zuen Garmendiak. “Egun txarra” izan zuela diote klubetik. Modalitate honetan Espainiako txapeldun izan zen martxoan pista estalian eta lehenengo estatuko rankinean. Dozena bat aldiz jaurti du 15 metrotik gora, baina Granollersen 14:55era iritsi zen.
Mailu jaurtiketako neskek ere lehiaketa bikaina egin zuten. Dorleta Armendariz bigarren geratu zen 46:06ko jaurtiketarekin. Marka eskasa da Armendarizentzat , baina badirudi aurkariek ere ez zutela egunik onena eduki. Dorleta Oyarbidek bosgarren postua lortu zuen 44:99ko jaurtiketarekin, bere markatik oso gertu ibili zen. Zazpigarren izan zen Amets Gurrutxaga marka ona lortuz, 39:23.
Pisu jaurtiketan Alta Torres laugarren geratu zen. Jaurtiketarik onena 11:38koa egin zuen. Amets Otaegik zortzigarren egin zuen 10:66 jaurtiketarekin, diskoarekin hamargarren postuan geratu zen.
100 metroko serietan 24 semifinalista postuetatik bakar batera geratu zen Ainara Zubeldia; lehenbiziko urtea zuen Espainiako txapelketan. Azkenean, Txindoki- Jaso taldea kluben artean bederatzigarren postuan geratu da.
Castellon jokatu zen junior mailako txapelketan, Maria Ibañezek zortzigarren postua lortu zuen 1500 metrotako proban; 4:55:77 denborarekin. Itsaso Estalak 100 metroko serietan 13:01 denbora lortu zuen, ez zuen final aurrekoetara pasatzea lortu. Super Amara Bat taldearekin 4×100 erreleboetan hartu zuen parte Estalak eta 49:13 denborarekin Espainiako laugarren egitea lortu zuen.













