Goierri garaiko turismo liburuxka aurkeztu dute
Oihane Zabaleta mankomunitateko lehendakari eta Urretxuko alkateak eta Edurne Etxeberria turismo arduradunak Goierri garaiko turismo liburuxka berria aurkeztu dute gaur. Ikusi, entzun, dastatu eta usaindu gure lurra lema du eta helburua bisitarien beharrei erantzuna ematea da. Horretarako, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako toki esanguratsuenei buruzko informazioa jaso dute. Naturak, ondare industrial eta artistikoak, ekitaldi garrantzitsuenek eta gastronomiak ere tokia dute.
6.000 ale argitaratu dituzte: 4.500 euskaraz eta gazteleraz eta 1.500 ingelesez eta frantsesez. Gida turismo bulegoan, museoetan, udaletxeetan eta Gipuzkoako turismo bulego nagusietan banatu dute.
Horretaz gain, lau herrietako bisita gidatuei buruzko eskuorria argitaratu dute. Bertan, ordutegiak eta prezioak zehaztu dituzte. Helburua eskaintza bateratzea da, bisitarien mesederako.