Puntu-puntuan agertu da Asier Santana (Idiazabal, 1979) Zubietako prentsa aretora. Dozena-bat kazetari ditu zain Reala B taldearen entrenatzaileak. Aurreneko lan-eguna du Sansek [astelehenean], nahiz eta bera hilaren hasieratik lanean ari den. Meho Kodroren lekua hartu du, Realaren bigarren taldearen buru. Kazetariekikoak aise egin, eta Goiberri-ren galderei erantzun die, patxadaz. Sansera 2008-09 denboraldian iritsi zen, Imanol Idiakezen bigarren bezala. Bi urte harekin, eta ondoren Meho Kodrorekin beste hiru osatu ditu Sansen. Jokalari modura, Idiazabalen aritu zen, 18 urtera arte. Ikasketengatik Gasteizera joan, eta han Aurrera Vitorian jokatu zuen. Entrenatzaile Aurreran hasi zen, kimuen talde batekin. Azpeitiko Lagun Onaken bigarren bezala hiru urtean aritu, eta Realean sartu zen; bi urte infantilekin, eta hurrengo bostak Sanserekin. Aurpegia zuk emango duzu orain nagusiekin, prentsarekin… Zer moduz lehen tragoa? Lanean hasten zarenean ahaztu egiten dituzu horrelako gauzak. Ez da lan bat gehiago edo ahalegin gehigarri bat. Lanean hasi, eta kito. Jokalariekin harremanetan hasten zarenean hasten dira beste gauza guztiak. Futbol zelaitik irtendakoan ere lanean jarraitzen duzu. Etxea eta taldea lehendik ezagutzen duzu, baina orain Reala B-ren arduradun nagusia zara. Bai, azkenean ardura gehiago izatea suposatzen du. Etxeko jokalariak ezagutzen ditut. Inguruko lan-taldea ere oso ondo ezagutzen dut, eta oso gustura nago, gainera, gaudenekin. Ardurarekin, [...]