Haurren irribarrearen formula duten aztiak
Haur baten irribarrea baino gauza politagorik ez dagoela esan ohi da. Hala bada, Goierri zorionekoa da: egunotan eskualdeko ia herri guztietan goza daiteke haurren barre eta algarez. Udaleku irekietako begiraleak dira haurren zorionaren formula duten aztiak.
Urretxu eta Zumarragako udalek antolatutako udaleku irekietan, adibidez, 300 haur baino gehiago parte hartzen ari dira. 31 gazte dira ume horiek guztiek egunero primeran pasatzeaz arduratzen direnak. Eta, gurasoen lasaitasunerako, bikain zaintzen dituztenak.
Josune Herenciak, Erlantz Agirrek, Elene Arizmendik eta Maria Nuñezek egunero La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan elkartzen den haur taldearekin lan egiten dute, eta euren jarduna nolakoa den azaldu dute.
La Salle-Legazpin 13 begirale daude eta 7, 8 eta 9 urteko 130 haur dituzte euren ardurapean. Txangoak, igerilekua eta eskulanak dira asteroko programaren ardatza. Horretaz gain, ekintza bereziak egiten dituzte. Adibidez, urtero bezala, San Fermin eguna ospatu zuten.
Eta hilaren 11n, argazkian ikus daitekeen moduan, Zikin Eguna egin zuten. Guztiek zikin-zikin eginda bukatu zuten, haurren zorionerako. Izan ere, udalekuek lagunekin egoteko, lagun berriak egiteko eta urtean zehar egin ezin dituzten gauzak egiteko aukera eskaintzen diete.
Ondo moldatzen direla diote, begiraleek dagoeneko lauzpabost urte baitaramatzate begirale lanetan. Batzuek urtean zehar eskola kirolean lan egiten dute, gainera.
Agirrek eta Herenciak irakasle-ikasketak egin zituzten, Arizmendik diseinu grafikoa ikasi zuen eta Nuñezek zuzenbidea; baina denek dituzte gustuko haurrak. Begirale lana esker onekoa dela diote. «Politena haurrak gozatzen ikustea da. Oso pozgarria da».
Bere alde txarra ere badu, ordea: umeekin lan egitea ardura handiko lana da. «Erantzukizun handia dugu. Ez dugu une oro sentitzen, baina hor dago. Arriskua erabat saihestea ezinezkoa da», diote lau gazte hauek.