Jaietan ere emakume eta gizonak, pare-parean
Santa Ana jaiak gainean direla-eta, Ordiziako Udaleko Berdintasun sailetik “jai parekideen alde” egiteko gonbita luzatu diete herritarrei, “jaiak eta kaleak emakumeenak ere badirelako”. Festetan ere emakumeek eta gizonek “plazan, tabernan, antolakuntzan, oholtza gainean eta leku guztietan pare-parean” behar dutela aldarrikatu dute. Horregatik, datozen egunetarako leloa plazaratu dute: “Errespetatu, ligoteoa sanoa izan dadin; konpartitu, etxeko eta zaintza lanak banatu; eta defendatu, gehiegikeriarik ez onartu”.
Berdintasunaren aldeko lasterketan gizartean aurrerapausoak eman direla “ukaezina” dela azaldu dute ohar bidez, baina helmugara iristeko gainditu beharreko “koska asko” daudela bide ertzean, oraindik ere. Hala, herriko jaiak “gizartearen erakuslehio” direla diote: “Badira emakumeak bazterrean uzten dituzten ekitaldiak; gure amak, amonak, birramonak eta herenamonak azken mendeetan egindako ekarpenek ez dute tarterik egun berezi horietan, parte hartzea ez da orekatua ez antolakuntzan ez ekitaldietan…”. Hori gutxi balitz bezala, jaietan “osagai eta jokaera” sexistarik ez dela falta izaten diote; musika eta hizkuntzatik hasi eta emakumeen aurkako indarkeriraino.