Sahararekiko elkartasuna eguna ospatzen ari dira Ataunen
Uda pasatzera Gipuzkoara etorri diren haur sahararrak, haien laguntzaileak eta bi hilabeterako etxean hartu dituzten familietakoak Ataunen elkartu dira, gaur. Saharar herriarekiko elkartasun eguna ospatzen ari dira, goizean goizetik. Egun osoko egitaraua dute.
Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, goizean haurrentzat zuzendutako jarduerak egin dituzte, jolasak batez ere. Gipuzkoan dauden 40 bat haur saharar etorri dira —gehienak Goierritik, 9, eta Tolosaldetik—. Haiekin batera, Ataungo eta Goierriko beste herri batzuetako neska-mutikoak ibili dira jolasean. “Goiza herritarrentzat eta haurrentzat zuzendua zen, batik bat. Gustura ibili dira umeak. Saharar haurrak bertakoekin batera nola murgildu diren ikustea ere zoragarria izan da”, azaldu du Goierriko Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkarteko Ainara Lasak.
Lehen aldia da Gipuzkoa mailako halako festa antolatu dutena. “Ez dakigu jendeak zer erantzun emango duen. Arratsaldea goierritarrentzat pentsatutako ekitaldiekin beteta daukagu”, esan du Lasak. Goizean, behintzat, espero baino haur gehiago joan dira festara. Aizkoate elkartean bazkaldu dute haurrek; 60 joango ziren aurreikuspena bazuten ere, azkenean 110 izan dira. Kanpoko plazan mahaiak zabalduta moldatu dira.
Lehenik, 15:30ean hasita, apar festa egingo dute, haurrentzat, San Martingo plazan. Ondoren, Irrien Lagunak taldeko pailazaoen ikuskizuna dago. Artisau azoka ere egingo dute, 18 posturekin, udaletxetik Troskaeta tabernara bitarteko bidean (zirkulazioa moztu egin dute herrigunean, eta atzeko kaletik desbideratu dute).
Ataun San Martingo plazan haima bat jarri dute. Udalak ere bat egin du Sahararen aldeko aldarrikapenarekin, udaletxeko balkoian Saharako bandera jarrita, ikurrinaren ondoan.
Iluntzean, pintxoekin eta edariarekin afalduko dute, festara inguratzen diren guztiek. Pintxo-txotx otordurako 110 txartel salduta dauzkate. Udaletxe ertzean tabernatxo bat ere muntatu du elkarteak.