'San Luisen Ehun Mila Semeak, kontaketa garaikidea' erakusketa inauguratu dute Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan
Gaur San Luisen Ehun Mila Semeak, kontaketa garaikidea erakusketa aurkeztu dute Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Ekitaldian Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Fernando Bernues Donostia 2016ren zuzendari artistikoak eta Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko dokumentazio zentroaren arduradunak parte hartu dute.
Erakusketa hau Donostia 2016 egitasmoaren Bake Ituna proiektuaren barne antolatu dute. Bertan, hiru artistek egindako marrazkiak ikus daitezke. Helburua 1813ko suntsiketa oroitzea da.
Lau erakusketa ireki dituzte guztira: Donostiako San Telmon eta Untzi Museoan hiriaren suntsiketa eta berreskuratzeari buruzkoak, Baionako Euskal Museoan Konbentzio gerraren ingurukoa eta Ormaiztegin 1823an Frantziatik absolutismoa berrezartzera etorri zen taldeari buruzkoa.
Zumalakarregi museoan hiru artista garaikidek egindako marrazkiak ikus daitezke: Parisen bizi den Juan Perez Agirregoikoa donostiarrarenak, Madrilen bizi den Azucena Vieites hernaniarrarenak eta El Roto madrildarrarenak. Azken hau El País egunkariko marrazkilaria da.
Larunbatetarako, 12:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz, bisita gidatuak antolatu dituzte. Parte hartu nahi dutenek 943 88 99 00 telefono zenbakira deitu behar dute. Irailean, San Luisen Ehun Mila Semeak, kontaketa garaikidea erakusketa irekiko dute.