«Taldea ahalik gehien zukutu nahi dut, berekin batera hazi eta hezi»
Puntu-puntuan agertu da Asier Santana (Idiazabal, 1979) Zubietako prentsa aretora. Dozena-bat kazetari ditu zain Reala B taldearen entrenatzaileak. Aurreneko lan-eguna du Sansek [astelehenean], nahiz eta bera hilaren hasieratik lanean ari den. Meho Kodroren lekua hartu du, Realaren bigarren taldearen buru. Kazetariekikoak aise egin, eta Goiberri-ren galderei erantzun die, patxadaz. Sansera 2008-09 denboraldian iritsi zen, Imanol Idiakezen bigarren bezala. Bi urte harekin, eta ondoren Meho Kodrorekin beste hiru osatu ditu Sansen. Jokalari modura, Idiazabalen aritu zen, 18 urtera arte. Ikasketengatik Gasteizera joan, eta han Aurrera Vitorian jokatu zuen. Entrenatzaile Aurreran hasi zen, kimuen talde batekin. Azpeitiko Lagun Onaken bigarren bezala hiru urtean aritu, eta Realean sartu zen; bi urte infantilekin, eta hurrengo bostak Sanserekin. Aurpegia zuk emango duzu orain nagusiekin, prentsarekin… Zer moduz lehen tragoa? Lanean hasten zarenean ahaztu egiten dituzu horrelako gauzak. Ez da lan bat gehiago edo ahalegin gehigarri bat. Lanean hasi, eta kito. Jokalariekin harremanetan hasten zarenean hasten dira beste gauza guztiak. Futbol zelaitik irtendakoan ere lanean jarraitzen duzu. Etxea eta taldea lehendik ezagutzen duzu, baina orain Reala B-ren arduradun nagusia zara. Bai, azkenean ardura gehiago izatea suposatzen du. Etxeko jokalariak ezagutzen ditut. Inguruko lan-taldea ere oso ondo ezagutzen dut, eta oso gustura nago, gainera, gaudenekin. Ardurarekin, [...]
Puntu-puntuan agertu da Asier Santana (Idiazabal, 1979) Zubietako prentsa aretora. Dozena-bat kazetari ditu zain Reala B taldearen entrenatzaileak. Aurreneko lan-eguna du Sansek [astelehenean], nahiz eta bera hilaren hasieratik lanean ari den. Meho Kodroren lekua hartu du, Realaren bigarren taldearen buru. Kazetariekikoak aise egin, eta Goiberri-ren galderei erantzun die, patxadaz.
Sansera 2008-09 denboraldian iritsi zen, Imanol Idiakezen bigarren bezala. Bi urte harekin, eta ondoren Meho Kodrorekin beste hiru osatu ditu Sansen. Jokalari modura, Idiazabalen aritu zen, 18 urtera arte. Ikasketengatik Gasteizera joan, eta han Aurrera Vitorian jokatu zuen. Entrenatzaile Aurreran hasi zen, kimuen talde batekin. Azpeitiko Lagun Onaken bigarren bezala hiru urtean aritu, eta Realean sartu zen; bi urte infantilekin, eta hurrengo bostak Sanserekin.
Aurpegia zuk emango duzu orain nagusiekin, prentsarekin… Zer moduz lehen tragoa?
Lanean hasten zarenean ahaztu egiten dituzu horrelako gauzak. Ez da lan bat gehiago edo ahalegin gehigarri bat. Lanean hasi, eta kito. Jokalariekin harremanetan hasten zarenean hasten dira beste gauza guztiak. Futbol zelaitik irtendakoan ere lanean jarraitzen duzu.
Etxea eta taldea lehendik ezagutzen duzu, baina orain Reala B-ren arduradun nagusia zara.
Bai, azkenean ardura gehiago izatea suposatzen du. Etxeko jokalariak ezagutzen ditut. Inguruko lan-taldea ere oso ondo ezagutzen dut, eta oso gustura nago, gainera, gaudenekin. Ardurarekin, baina gogoz eta hasteko ilusioz nago.
Sanse bigarren taldea da Realaren egituran. Zer helburu dauzka halako talde batek?
Urtero helburuak antzekoak izan ohi dira. Taldearen maila ahalik eta onena izaten saiatuko gara, horretarako eskakizuna mantenduz. Eta, gero, lehen taldeak jokalariren bat behar izanez gero, maila emateko moduan egoteko lana egitea da gurea. Noski, eta asteburuan arerioaren aurka ahalik eta ondoen jokatzea.
Reala B Bigarren B Mailan dago. Hori du berezko tokia, ala goragoko irrika ere behar du?
Ez dakigu noiz, non eta nola aurkituko dugun taldea. Denboraldia aurrera joan ahala, berak jartzen zaitu zeure lekuan. Hori bai; 2. B Mailan jarraitu nahi dugu, Sanserentzat eta formakuntzarako ona delako. Jokalarientzat maila egokia da.
Zer profesionalizazio maila du Sansek?
Profesionalki, jokalari gehienak hemendik bizi dira. Gehienak ikasten ere ari dira. Berez, profesionaltasuna beste edozein talderen parekoa du. Aldatzen den bakarra da formazioko talde bat garela, 2. B Mailan gaudela eta gazteak garela.
Realean garrantzi handia du harrobiak. Gaur egun, izugarrizko pisua du lehen taldean. Ez duzu edozein garaitan hartu bigarren taldearen ardura.
Inork ez daki noiz tokatzen den hartzea. Hala egokitu zaigu, eta gustura. Realak apustu garbia egin du harrobiaren bidean, bai jokalariekin, bai entrenatzaileekin. Ea apustuari erantzun ona ematen diogun.
Lorenzo Juarros kirol zuzendariak esana da: jokalariak etxekoak ateratzea lehenesten den bezala, teknikariak ere berdin. Baloratuta sentitzen zarete?
Bai. Azken batean, lehiatzen ari garen denok daukagu hartxo bat: gero eta hobeto egin nahi dugu, gero eta gehiago lehiatu nahi dugu. Realak apustu garbia egin du, eta eskertzekoa da. Guri tokatu zaigu momentu honetan egotea. Jokalariekin egin duen apustu berbera entrenatzaileekin egiteak badauka bere zentzua. Une ona da.
Filosofia aldaketaren bat izan da hor, ala erabaki puntuala da?
Ez dakigu nondik nora joango den etorkizuna. Edozein momentutan aldatzen da egoera. Badirudi, etorkizunean jarraitzeko dela, baina garbi edukita azkenean emaitzek baldintzatzen dutela dena.
Entrenatzaile modura, noraino iristeko ametsa duzu?
Zaila da aurrera begira noraino iritsi nahi dudan pentsatzea. Orain badakit non nagoen eta zer nahi dudan: taldea ahalik gehiena zukutu nahi dut, eta ahal dudan gehiena ikasi. Beraiekin batera hazi eta hezi nahi dut. Hortik aurrera, ikusiko da.
Nolako entrenatzailea da Asier Santana?
Entrenatzaileak ez du jokalariaren lekuan jartzerik, jokalariak bere ikuspuntua besterik ez duelako. Baina saiatzen naiz beren beharrak nolabait asetzen, beti ere gure pauten, jokabidearen eta funtzionatzeko moduaren barruan. Ez dut sinisten kanpotik egindako eskakizunetan; autoexijentzia behar da, bakoitzak bere burua estutu behar du. Hortik aurrera, denentzat bidea errazagoa da.
Haurrekin hasten zarenean, nola landu behar da?
Jakin behar da zein den taldearen heziketa maila, eta horretara egokitu. Eta heziketa bera daukaten adinera egokitu. Hortik aurrera, pixkanaka balore jakin batzuekin hezi, arduratsuak izan daitezen batez ere. Aurrerago iristeko talentua ez dakigu zeinek izan dezakeen edo ez, faktore askoren pean dago. Baina garrantzitsua da hezitzaileok taldera egokitzen jakitea. Profesional taldea edo heziketakoa desberdindu behar dira, eta batez ere herrietako taldeetako hezitzaileak izaten.
Asier Illarramendi Real Madrilera joateak lana jarri dizu. Ordezkoa zuek atera beharko duzue, berriz ere.
[Barrez] Ez, ez. Nik ateratzea zaila da! Jokalaria bera ateratzen da. Pertsona bakoitza mundu bat gara, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Realaren belaunaldi osoa oso maila onekoa da. Txikitatik ikus zitekeen bat edo beste ona izan zitekeela. Asierren [Illarramendi] hazkundea ez jakin, baina usaindu zitekeen. Baina faktore askoren menpe dago. Bere esfortzuz lortu du beste talde handi batera joatea.