'Jazpanart' erakusketarako lanak aurkezteko epea zabalik
Jazpana ekimenaren barruan bigarren aldiz egingo dute Jazpanart: Rural Postmodern Fest erakusketa urriaren 19tik 24ra. Ekimen hau Igartza monumentu multzoan egingo dute, “izpiritu herrikoi eta postmodernoa” oinarri hartuta. Erakusketa euren lanak aurkeztu nahi dituztenek, irekita dute euren lanen proiektuak bidaltzeko epea, igandera arte, nahiz eta antolatzaileen esanetan “epe hori erabat hermetikoa ez izan”.
Lanen proiektuak PDF formatuan bidali beharko dira jazpanart@jazpana.com helbidera. Bertan lanaren tamaina, materiala, baldintzak eta egilearen datuak bidali beharko dira. Horrez gain, lanaren irudiren bat edo ikus-entzunezko erregistro bat ere bidaltzea eskatzen dute, lanaren arabera (performance bat bada bideoa, zerbait materiala bada argazkia…).
Irizarren ustez “oso leku aproposa da Igartzakoa erakusketa Rural-Postmodernoa egiteko; XV. mendeko eraikin batean obra garaikideak jartzea oso egitasmo berezia da”. “Horregatik, jendea lanak aurkeztera animatu nahi dugu: iaz Goierritik kanpoko jendeak ere parte hartu zuen, oso ondo joan zen”, dio Irizarrek.
Garbiñe Irizar Jazpanarteko kideak azaldu duenez “lanak Site-specific, alegia, leku horretarako bereziki egindakoak edo aurrez eginda daudenak izan daitezke, betiere gaiarekin, Rural Postmodernoarekin, bat etortzen badira”. Iristen diren lan guztien artean aukeraketa bat egingo dute antolatzaileek. Antzolatzaile guztiak Arte Ederrak ikasitakoak, edo behintzat gaiaz ulertzen dutenak dira.
Aurkeztutako lanez gain, kartel erakusketa bat ere egingo dute, “Goierrin kartelgile harrobi ona dagoelako” Irizarren ustez, tailerrak, kontzertuak, sortzaileen azoka eta aurrerago zehaztuko dituzten bideo proiekzioak ere egingo dituzte.
Jazpanarti buruzko informazio gehiago web orrialde honetan dago eskuragarri: www.jazpanart.com