‘Gaua gauezkoentzat’ gaueko ibilaldi magikoa egin zuten uztailean San Gregorioko Barandiaran Museotik San Martinera. Artelatz
Behin iraila iritsita, udako opor sasoiko turismo datuak eman dituzte Goiturreko arduradunek. Gaur goizean Ordizian egin duten agerraldi batean iragarri dituzte Goierrin uztaila eta abuztuan zehar izan diren bisitari kopuruak Goiturreko zuzendari Niko Osinalde eta presidente Igor Egurenek.
Hain zuzen ere, 2013ko udan iaz baino turista eta bisitari gehiago pasa dira Goierriko turismo bulegoetatik. Ataun, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraindik 11.849 pertsona pasa dira; 5.862 uztailean eta 5.987 abuztuan. Azken urteotan izan den igoerarik handiena izan da, iaz baino %7,8 gehiago baitira. “Zenbaki hauek Goierriko turismoa goruntz doala adierazten dute eta industria turistikoa aurrera doan sektore ekonomikoa dela”, esan du Niko Osinaldek.
Jatorriari dagokionez, beste urteetan bezala, bisitari gehien Herrialde Katalanetatik etorri da, bertako euskaldunekin batera. Hala ere, gorakada nabarmena izan du atzerritarren bisita kopuruak. Ehunekoetan, museoetako bisitarien %38 euskaldunak izan dira, %50 espainiar Estatutik eta %12 atzerritik. Atzerritik etorritakoen artean frantziar Estatukoak, irlandarrak, alemaniarrak, italiarrak, austriarrak, kubatarrak, mexikarrak, kanadarrak, txinarrak edo australiarrak, esate baterako.
Behin uda igarota, udazkenera begira lanean ari dira Goiturren. Hala, Igor Eguren presidenteak Goierriko mapa turistikoaren edizio berri bat argitaratuko dela azaldu du. GR 283 Gaztaren Ibilbidea deritzon ekimenaren barruan, ibilbidearen mapa, promoziorako gida, pasaportea eta web orrialdeak aurkeztuko dira. Goierri aurkezteko helburua duen tarjetoiaren edizio berri bat ere kaleratuko dute.
Urritik abendura Seu d’Urgell, Bartzelona, Valladolid zein Bilboko azoka turistikoetan ere ordezkaritza izango du Goierrik Euskadi Gastronomika ekimenaren baitan.