Segurarrek ikastetxeko gela berriak ikusteko aukera edukiko dute bihar
Segurako ikastetxearen goiko eraikinean gela berriak egin dituzte eta hemendik aurrera herriko ikasle guztiek eraikin berean ikasiko dute. Bihar, 18:00etatik 20:00etara, ate irekien jardunaldia egingo da. Herritarrek gela berriak ikusteko aukera edukiko dute. Inaugurazio ekitaldia aste batzuk barru egingo dute eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko eta Amenabar enpresako ordezkariek parte hartuko dute.
Obra honen helburua ikasle guztiak eraikin berean elkartzea da. Eluska Gerriko alkateak aurrerapauso garrantzitsua dela aipatu du. «Segurarrontzat Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza herrian bertan eta eraikin bakar batean egin ahal izatea gauza handia da».
Dena den, ikasle guztiak goiko eraikinean elkartzeak bere arriskua ere badu. «Trafiko arazoak sor daitezke eskolaren inguruan. Izan ere, irteerarik ez duen kale batean dago eta inguruan haurrak ibiliko dira. Hori dela eta, ikastetxera oinez joatearen aldeko kanpaina egin behar dugu», esan du.
Beheko eraikinari dagokionez, udalak oraindik ez du erabaki zer egin. «Beharrak identifikatu ditugu: postariak bulego berria behar du, herriko elkarte batzuek ez dute non bildu, biltegi bezala ere erabili daiteke…», amaitu du alkateak.