Sistema mistoaren txostenen afera «eskandalutzat» jo du plataformak
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak «eskandalutzat» jo du herrian ezarri nahi den hondakinen bilketarako sistema mistoaren inguruan udal gobernuak aurkeztu dituen bi txostenen afera.
Udalak aurkeztutako bi txostenean artean «alde handiak» daude plataformak salatu duenez. Mikel Alberdi plataformako kideak esan duenez, «udal gobernuari interesatzen ez zaizkion, eta hasierako zirriborroan agertzen ziren zenbait datu desagertu dira» txosten definitiboan.
Txostenaren «zentsura»
Zenbait adibide jarri zituzten euren irakurketa arrazoitzeko. Hasierako txostenean sistemaren ezarpena «sei hilabeteko epean» egingo zela adierazten bazen, bigarrenean «edukiontzi berdea hasieratik kendu, eta atez atekoa eta derrigorrezko bosgarren edukiontzia lehenengo unetik martxan jartzea» aurreikusten dira.
Sasietako teknikariek osatutako lehenengo txosteneko zenbait paragrafo ere «desagertu» direla azpimarratu zuten. Besteak beste, «sistema mistoa bilketarako sistema egokiena ez dela» jasotzen duena, edo «atez atekoak benetan funtziona dezan, gutxienez 900 familiek izena eman behar dutela» diotenak. Sistema berriak sortuko dituen lanpostuen datuak ere «ez datoz bat» bi txostenetan. Hasierakoak «1,83 lanpostu gehiago» sortuko dituela dioen bitartean bigarrenak «2,43 izango direla» baieztatzen du. Lanpostu horien kostua «guztion artean ordaindu» beharko dutela salatu zuten plataformatik.
Adibideak mahai gainean jarri ondoren, Javier Urcelay plataformako kideak auzitan jarri zituen alkatearen hitzak. Hasiera batean Sasietako teknikariek egindako txostena «ez zela politikarian gustukoa izango» ondorioztatu zuen, eta horregatik, «zenbait gauza zentsuratu eta ezabatu» dituztela. Udal gobernuak gauzak «gaizki egin ditu», esan zuen, eta «teknikariek alkateak nahi duena» idatzi behar izan dutela azpimarratu.