Elkarteetako sukaldariak euren platerak prestatzen. Iñaki Gurrutxaga
Euskal Jaietako azoka egun handiaren bezperan, sukaldaritza lehiaketek izango dira gaur protagonista Ordizian Larrun Arri Elkarteak arduratuta. Hain zuzen ere, arratsaldeko 17:30etatik aurrera elkarteen arteko XXIII. Sukaldaritza Lehiaketa eta Goierriko odolki onenaren XIX. dastaketa-lehiaketa egingo dira.
Goierriko odolki onenearen bila dastatzea egingo da lehenbizi. Ekitaldirako euren alerik onenak eramango dituzte eskualdeko hamar bat odolkigilek. Ondoren hasiko dira hamabi elkartetako sukaldariak euren platerak Plaza Nagusian bertan prestatzen. Bi errezeta egin beharko dituzte. Idiazabal gazta eraman beharko duen lehen plater bat lehenbizi eta arkumez egindako bigarren bat. Bakoitzaren abilezia eta trebeziak erakutsi beharko dituzte. Edonola ere, bertako produktuak erabiliko dituzte sukaldariek jaki goxoak prestatzeko. Iluntzeko 20:00etan aurkeztuko dituzte platerak.