Segurako Atseden jubilatu elkarteko kideak
Etzi, 19:00etan, Goierri beheko herri handienetako udaletxe aurreetan jubilatuek elkarretaratzea egingo dute Pentsioak ukitzen dituenak ez dauka nire botoa lemapean. Protesta egiteko tokiari dagokionez, Segurakoa izango da salbuespen bakarra han elkarretaratzea plazan egingo baitute.
Goierri beheko jubilatu elkarteek Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak (Agijupens) osatutako komunikatuarekin bat egin dute. Goierriko elkarteak aurreko uztailean batzarra egin zuten, eta babesa eman zioten egitasmoari.
Gipuzkoa osoan
Elkarretaratzeak Gipuzkoa osoan egingo dituzte etzi. Espainiak pentsioen inguruan agertutako azken asmoari jarraiki, pentsioak bizi itxaropenaren araberakoak izango dira; bizi itxaropenak gora egin ahala pentsioek behera egingo dute. Agijupens elkarteak protesta egiteko deialdia egin du asmo honen kontra agertzeko. Finean, pentsiodunek jasotzen duten pentsioa pertsonaren araberakoa izan beharko litzatekeela uste dutelako, eta ez estatistika baten araberakoa.