Zubillagaren euroagindua aztertzen hasi da Paueko Dei Auzitegia
Aitor Zubillaga iheslari legazpiarra Espainiara estraditatzeko eskaera aztertzeari ekin dio Paueko Dei Auzitegiak. Zubillagari dagokion eskaerarekin batera Jokin Aranalderena (Ibarra, Gipuzkoa) ere aztertuko du auzitegiak.
Uztailaren 16an ebazpena egitekoak ziren, baina auzitegi frantsesak euroaginduei buruzko informazio gehiago eskatu zion Espainiari, eta auzia atzora arte atzeratu zuen.
Dozenaka lagun joan dira Zubillagarekin eta Aranalderekin batera auzitegira, bi iheslariei sostengua adieraztera. 30 lagun joan dira, hain zuzen, Pauera: Tolosa eta Ibarrako alkateak eta Hendaia nahiz Sarako (Lapurdi) hautetsiak. Anaiz Funosas Bake bideako kidea, Jon Irazola LABeko ordezkaria eta iheslarien kolektiboko hainbat kide ere, besteak beste.
Bi iheslariak ekaina amaieran atxilotu zituzten. Zubillagaren auzia aztertuko dute lehenengo, eta jarraian ekingo diote Aranalderenari. Paueko Dei Auzitegiaren erabakia irailaren 24ean ezagutzera emango dutela iragarri dute.