Baso bideak eta ubideak zeharkatuko ditu Aizkorrin Barrenak
Berrikuntzekin dator aurten igandean egingo den Aizkorrin Barrena mendi martxaren seigarren edizioa. Bi ibilbideak «betiko lekuetatik» igaroko dira Aitor Casas antolatzaileak esan duenez, baina «zati berriak sartu ditugu tarteka, baso-bideak eta ubideak», zehaztu du. Ohi bezala bi ibilbide izango dira aukeran, «motzak, Ttipi-Ttapak 16 kilometro luze izango ditu, eta luzeak, Zanpa-Zanpak 30».
Ttipi-Ttapak eta Zanpa-Zanpak ibilbide berdina partekatuko dute lehenengo kilometroetan, «Jaondoraino». Brinkolako trenbideko plazatik irtenda, Brinkolazar, Aierdi, Tubobide, Petroliobide eta Jaondo igaro dituzte. Martxa txikikoak «Tubobidetik basoan barrena Beainera eta Armuñora egingo dute, handik Brinkolara jaisteko».
Mikel Oskoz zenari omenaldia
Ibilbide luzekoek, «Jaondotik Biozkornako lakura joko dute, Artanburu magaletik Andraitzera, handik Izubira jaitsi eta Mandabidetik Zegamako ubideetan barrena Oarzuzara jaitsi eta handik Brinkolara».
Amaieran hamaiketakoa izango da eta «borondatearen truke, Brinkolako Armuño elkartean bazkaria eskainiko dute». Gainera, hiru Junetorri zerbitzu berezi izango dira 13:00etan, 14:00etan eta 15:00etan. Ibilbide bakoitzaren hasieran, 8:15ean eta 9:15ean berriki zendu den Mikel Oskoz mendizalea omenduko dute.