Mikel Otegiri ezarritako zigorra berrikusiko du gaur Auzitegi Gorenak
(Berria.info) 1995. urtean Iñaki Mendiluze eta Jose Luis Gonzalez ertzainak Itsasondon (Gipuzkoa) hiltzeagatik Mikel Otegiri ezarritako 34 urteko zigorra berrikusiko du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak. Miguel Colmenero magistratuak idatziko du txostena.
1997an, herri epaimahai batek epaitu zuen Otegi, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Absolbitu egin zuen, “bere ekintzen jabe” ez zela argudiatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, ordea, epaiketa berriz egiteko agindu zuen, eta agindu hori berretsi zuen 2004an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
Ihes egin zuen Otegik, eta 2003an atxilotu zuten Frantzian. Han izan zen espetxean 2009ra arte. Espainiaratu egin zuten, eta Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen Otegiren auzia, bi ertzainen hilketak helburu “terrorista” zuelakoan. Fiskalak 70 urteko zigorra eskatu zuen harentzat, baina Fernando Grande Marlaska epailea buru zuen epaimahaiak 34 urteko zigorra ezarri zion, “talde terroristako” kide izateaz absolbituta eta alkohola edan izana aringarritzat jota.