Elkartasunerako deia egin du Atzegik aurtengo kanpainarekin
Atzegik Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundeak aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkeztu berri du Atzegin guztiok dugu gure papera, aurkitu zurea! lelopean. Goierri garaian ere bat egin dute kanpainarekin eta bailarako kasu errealak oinarri hartuta aurkezpen publikoa egin dute Legazpin.
Kanpaina berri honen bitartez herritarrei elkarrekin lan egiteko bideak identifikatzen eta ideia berriak ematen lagundu nahi die Atzegik. Inma Hernandez Goierri garaiko Atzegiko kideak esan duenez laguntzea «erraza» da. Adibidez, «elkartearen kartelak ipintzen, Txolarteko aisialdiko ekimenetan laguntzen edo adimen urritasuna duen pertsona batekin bi astean behin kafe bat hartzeko gelditzen».
Kanpaina dagoeneko martxan
Legazpin atzo arratsaldean egin zuten aurkezpenean Goierri garaian elkarteari laguntzen dioten hainbat pertsonek hartu zuten parte. Legazpiko Maiatza tabernako Julian Alonsok, adibidez, adimen urritasuna duen Joel Hernandezi egunero terraza jartzeko aukera eman dio. «Hori da Atzegin tabernariaren papera, Joeli aukera bat ematea». Era berean Joelek ere badu berea, «jendaurrean zer egiteko gai den erakustea».
Baina adimen urritasuna duten pertsonak sarri laguntza behar duten arren, «beraiek ere beste batzuei laguntzeko gai» dira. Eta horren adibide, Legazpiko Garaguneko kide Ines Rodriguezek «Legazpiko elikagaien bankuan laguntzen» egiten duen papera kontatu zuen.
Atzegin badakite «jende asko dagoela laguntzeko prest, baina sarri ez dakite nola». Kanpaina honen bitartez «bakoitzari bere papera zein den aurkitzen» lagunduko diote. Kanpaina hasi da eta bailaran berau iragartzeko kartelak jartzen hasi dira. Laguntzeko prest dagoenak 943 42 39 42 telefonora ere deitu dezake.