Legorretako film laburren lehiaketan izena emateko epea astelehenean bukatuko da
Legorretako Udalak eta Dar-Dar ekoiztetxeak film laburren lehiaketa antolatu dute, aurten. Aitzol Aramaio zinema-zuzendari bizkaitar zenaren omenez egingo da, bigarren aldiz. Aramaio Legorretako film lehiaketako epaimahaikide izan zen.
Iazko deialdiaren arrakastaren ondotik —192 lan jaso zitzuten—, aurten ere nazioartean zabaldu dute oihartzuna. Partaideek urriaren 14a dute izena emateko azkeneko eguna.
Lehiakide bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake, fizkiozkoak, animaziozkoak, dokumental erakoak edo esperimentalak. DVD euskarrian eta gehienez 30 minutuko iraupena eduki behar dute. 2010eko urtarrilaren lehenetik aurrera sortutako filmak izan behar dute. Iaz aurkeztutakoak ere sar ditzakete egileek berriz, baldin eta saritu ez bazituzten.
Ikus-entzunezkoak edozein hizkuntzatan izan litezke, baita mutuak ere. Lehiaketako bi hizkuntza ofizialetatik —euskara eta gaztelania— apartekoren batean badira, azpititulua behar dute. Legorretako Patxi Ezkiaga Kultur Etxera bidali behar dira.
Emanaldia eta sariak, urriaren 26an
Epaimahaia zinema arloko eta letra, arte eta informazio munduarekin zerikusia duten adituek osatuko dute. Haiek hautatutako lanekin emanaldi bat izango da, urriaren 26an, Legorretako zineman. Sariak ere orduan banatuko dituzte.
Film labur onenaren egileak 1.000 euro jasoko du, eta Legorretako onenak 300 euro.