Industriari eta merkataritzari buruzko liburua aurkeztu dute Ormaiztegin
Atzo Ormaiztegi 1860-1970 liburua aurkeztu zuten. Lan honek industria, artisautza eta merkataritzaren mende bateko historia jasotzen du. Gainera, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera Ormaiztegi enpresa ekimen berritzaile askoren sorleku izan zen eta fenomeno horren zergatiak ikertzen ditu. Liburuak 1.00o orrialde baino gehiago ditu, bi tomotan banatuta. Jose Antonio Perez, Norberto Ibañez, Xabier Irizar eta Zeles Otamendi dira egileak. Ikerketa honen abiapuntua Millan Irizarrek (Ormaiztegi, 1923-2006) eskainitako lekukotza eta euskarri dokumental oparoa da.
Aurkezpen ekitaldian Mikel Irizarrek egin zuen aurkezle lana. Otamendi, Irizar egileak eta Perez eta Jon Intxausti zinegotziak parte hartu zuten. Liburua herriko etxe guztietan banatuko dute hilaren 28tik aurrera eta Irizar enpresak bere langileei oparituko die. Gainera, Zumalakarregi museoan salgai jarri dute, 30 eurotan.