Elkarri lagunduz handiago
Zeraingo eta Mutiloako bizilagunek topaketak egingo dituzte bihar egun osoan zehar Oiharten, Zerain eta Mutiloa batzen dituen bidean dagoen sagardotegian. Topaketa horien bidez, elkarlana bultzatu eta bi herrien indarrak hobeto kudeatzera iritsi nahi dute. Izan ere, hain gertu dauden bi herri txiki horiek apenas izan dute harremanik, biak batzen dituen errepidea egin zen arte behintzat. Orduan, gutxi bada ere, zenbait gauzetan bat egiten hasi ziren.
Medikua, idazkaria eta gizarte-laguntzailea bi herrien artean elkarbanatzeaz gain, Mutiloako hiru haur Zeraingo eskolara joaten dira, zeraindarrak Mutiloara jaisten dira gimnasia eskoletara eta mutiloarrak Zeraina igotzen dira dantza eskoletara, besteak beste.
Pasa den urtean dirulaguntza jaso zuten zeraindarrek Berrikuntza Agenda egiteko. Laguntza hori, udalaren barrurako baino, herritarrekin lan egiteko beharrezkoago ikusten zuten, eta hortik abiatuta, herritar guztien partehartzea sustatu nahi zuen espazio irekiko proiektu bat jarri zuten martxan: Zerain herri proiektua: Nola etengabe berritu eta egokitu Zerain herri proiektua? Azaroaren 9an eta 10ean egin zituzten lehen bilerak, eta arau batzuk finkatu, Eudelen laguntzarekin. Bertan, bakoitzak gai ezberdinak proposatu zituen, eta taldeka hitz egiten hasi ziren gai ezberdinen inguruan.
Talde haietan landutako gai bat herri txikien arteko elkarlana izan zen. Inguruko herrietako alkateak gonbidatu zituzten bertara, eta han zen Mutiloako Iñaki Ugalde alkatea ere. Agenda egin eta txosten bat idatzi zuten. «Hura kaxoi batean utzi ordez, zerbait egin beharra zegoela» ikusi zutela azaldu du Arantzazu Muñoa Zeraingo zinegotziak.
Horregatik, txosten hartatik hiru proiektu egingarri zehaztu zituzten, legealdi honetan gauzatzea posible zirenak: herri erabakiak nola hartu eta auzolana nola egituratu, Zerain-Mutiloa elkarlana eta herri proiektua eta finantzaketa.
Horrela bada, Zerainen eta Mutiloaren elkarlanari heldu zioten. Lehenik, bi herrien arteko harremanak arautzeko araudi bat sortu zuten, gerora ere osatzen joango direna. Gero, Eudeleko Eleder Aurtenetxe, Arantzazu Muñoa eta Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea bildu ziren, prozesua finkatzeko. Horren ondoren, irailaren 27an bilera egin zuten Mutiloako bost herritarrekin eta Zeraingo beste bostekin.
Orduz geroztik, larunbat honetako topaketarako bideratu dituzte indarrak: etxeetara informazioa banatuz, webgune ezberdinen bidez, zeraindarren Xaguartean aldizkarian, komunikabide ezberdinetan… aritu dira biharko bilerara gerturatzeko deialdia egiten Zeraindarrei eta mutiloarrei. Muñoak azaldu duenez, «zeraindarrez eta mutiloarrez gain, beste herrietako jendearentzat ere irekia izango da, horrelako formatuek nola funtzionatzen duten ezagutzeko: prozesu horizontala da, oso erakargarria da, atsegina…». Aramaiotik (Araba), esaterako, udaleko hiru lagun etortzekoak dira .
Bildu, libreki hitz egiteko
Joxe Manuel Oria Zeraingo alkateak azpimarratu nahi izan duenez, topaketa honen helburua ez da «bi herriak batzea; elkarlana eta auzolana bultzatzea» baizik. «Horrek ez du esan nahi, ordea, bi herriek bat egitea nahi dugunik», dio Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak: «Herriak herri izan behar du, baina, egoera ikusita, baliabideak banatu beharko ditugu», dio. Eta herrien beharrak eta aukerak ezagutzeko herritarrak behar dira.
Biharko topaketan Open Space prozesua erabiliko dutela azaldu dute, gaiak proposatu eta gero, taldeka, gai horien inguruan hitz egiteko. Eudeleko Eleder Aurtenetxek azalduko dizkie Open Space prozesuaren arauak parte hartzaileei. Behin azalpenak emanda, bertaratutako denak libre izango dira hitz egiteko gaiak proposatzeko. Jendeak proposatzen dituen gai guztiekin eguneko agenda bat osatuko dute, taldeka gai horien inguruan hitz egiteko. Bakoitzak nahi duen taldetan parte hartzeko edo ez hartzeko libre izango da: gaien merkatu txikia da, nolabait.
Ateratzen diren gaiak eta hitz egiten dena idatziz jasoko dute topaketaren antolatzaileek, eta apunte horiekin txosten bat egingo dute ondoren.
Herritar guztiei irekia
Bi herrietako alkateek herritarrak prozesu honetan parte hartzea nahi dute: betidanik bertan bizi direnak, iritsi berriak, gazteak, helduak… Eta aurreiritziak alde batera utzi eta «prozesu atsegin eta partehartzaile» honetan parte hartzera animatu nahi dituzte.
Mutiloako Aitor Astobizari Ugalde alkateak egin zion gonbita eta «horrelako prozesuak oso interesgarriak» dela iruditzen zaio. Bera, izatez zornotzarra bada ere, zazpi urte daramatza Mutiloan bizitzen, eta herriko bilera batean jakin zuen prozesuaren berri. Gero, Ugaldek biharko topaketetara joateko proposamena egin zion eta, hala, bera ere biharko bileran izango da.
Zerainen 30 lagun baino gehiagok eman dute dagoeneko izena, eta Mutiloatik ere jende dezente joatea espero dute. Egun osoa igaroko dute Oiharten, gaiak proposatu eta eztabaidatzen.