Hemen da Goierriko jaialdi modernoena!
Bihar hasiko da aurtengo Jazpana Fest! jaialdia. Lehen ekitaldiak Jazpanart! ekimenekoak izango dira, artearekin lotutakoak, hain zuzen ere. Igartza jauregian bi erakusketa jarriko dituzte: deialdi irekira bidalitako lanekin osatutakoa eta kontzertuetako kartelena.
Aipatzekoa da arratsaldean Arteklab taldekoek ikus-entzunezkoa emango dutela eta June y los Sobrenaturales taldeak joko duela. Etzi, berriz, artisau eta sortzaile azoka egongo da. Eta ostegunean Asier Mendizabal, Iñaki Garmendia, Laurita Siles eta Bortzhuai artisten bideoak ikusteko aukera egongo da.
Horretaz gain, urteroko moduan, argazki rallya eta skate eta saskibaloi txapelketak antolatu dituzte. Datorren ostiralean dira. Kontzertu garrantzitsuenak datorren asteko astebururako antolatu dituzte. Ostiralean Devhon, Layo Raser, L’Hereu Escampa, Triangulo de Amor Bizarro eta Moonpalace DJk jarriko dute musika.
Hilaren 26, 17:00etan, Fixed Tonight taldeak Murgil tabernan joko du eta Kea taldeak Xuber tabernan. 18:30ean kontzertu nagusia hasiko da. Retribution Gospel Choir, Audience, The Suicide of the Western Culture, Wilhelm&The Dancing Animals, Grises, John Berkhout, Kokoshca, Grande Days eta Deckart DJren musika entzuteko aukera egongo da. Antolatzaileek Retribution Gospel Choir taldearen presentzia azpimarratu dute. Espainian zortzi kontzertu egingo ditu eta Euskal Herrian bakarra, Beasaingoa. Jazpanakoa izango da, gainera, doan izango den bakarra.
Egitaraua
- Bihar. 17:00etan haurrentzat kartelgintza tailerra eta 19:00etan ikus-entzunezkoa eta kontzertua. Igartzan.
- Etzi. Arte azoka, Igartzan.
- Osteguna, 24. Bideoak.
- Ostirala, 25. 16:00etan argazky ralliaren hasiera, skate txapelketa Gernika pasealekuko frontoian eta 3×3 saskibaloi txapelketa Bernedoenean. 22.30ean kontzertuak.
- Larunbata, 26. 17:00etan kontzertuak Murgil eta Xuber tabernetan eta 18:30ean Bernedoenean.