Irudimenaren historia
Aurtengo jaietan ospatu dute Ordizian danborradaren mendeurrena. Aitzakia horrekin argazki bilketa egin eta Atzera begirako argazki bilduma osatu dute. Harribitxi ugari aurki daitezke Flickr-en jaso dituzten 325 irudien artean. Honako hau, esate baterako, 1961ekoa da, danborradako karrozetako batek herriko kaleak zeharkatu zituenekoa.
1913an Santiago egunez Ordizian egin omen zen prozesio bat jotzen da danborradaren jatorritzat. Santa Anaren irudi berria bizilagunek ikus zezaten kalera atera zuten. Alabarderoz zein kardinalez mozorrotu zenik izan zen. Ekitaldia sendotzen joan zen urtez urte, 36ko gerrak etena ekarri zuen arte.
Aurreko urtetako ohitura hura berreskuratu behar zela eta, 1941ean ekin zioten berriro. Gaur egun ezagutzen den danborrada egiten hasi ziren, karroza eta guzti. Irudimena eta abilezia ez da falta izan karroza ikusgarriak egiteko.