Presoekiko elkartasuna adieraziko dute asteburuan Lazkaon
Lazkaoko presoen aldeko taldeak VIII. Elkartasun Eguna ospatuko du, bihar. Ekitaldi nagusiak bihar egingo badira ere, gaurko ere antolatu dituzte zenbait jarduera. Euskal presoen egoera islatuko dute, bereziki Lazkaoko hirurena: Anitz Eskisabel, Garikoitz Mujika olaberritarra eta Lazkaoko etxean zigorra betetzen ari den Belen Gonzalez.
Egitarauarekin hasteko, gaur 18:00etan haur jolasak egin eta asto-gurdietan paseoak eskaiko dituzte, plazan. 19:30ean, mokadua zerbitzatuko dute; pintxoak eta gaztaina erreak jateko, kupela sagardoa edateko.
Elkartasun asteburuko ekitaldi nagusia ere gaur iluntzean izango da, 20:30ean, plazako pilotalekuan. Lazkaoko dantzarien saioa, hitzaldiak eta egunerako propio grabatutako bideo bat emango dituzte.
Larunbateko jardunaldiari dagokionez, 11:30ean Beasaingo Zanpaldunak joaldun taldea kalerik kale ibiliko da. Eguerdian, Lazkaoko eta Arbizuko taldeen arteko herri kirol erronka ikusi ahalko da, plazan. 13:00etan presoen senideei omenaldia egin, eta 14:30ean bazkaria dago frontoian.
Herri kirol desafioa izango da egitarauko ikuskizun aipagarrietako bat. Lazkaoko eta Arbizuko taldeak hirugarren aldiz lehiatuko dira elkarren aurka. Iazko festan antolatu zuten estreinakoa, Lazkaon. Geroztik, Arbizun (Nafarroa) jokatu dute itzulikoa, hango festetan.
Anitz Eskisabel Arbizun jaioa delako, bi herrien arteko loturall irudikatzen dute herri kirolekin.
Biharko herri bazkarian, berriz, menua txorizoak, odolkiak, paellak eta postreko ijito-besoak osatzen dute. Trikitilariek alaituko dute bazkalondoa. Txartelak Antsoategi, Giroa eta Martin tabernetan daude salgai.